Desberdinen arteko aitortza eta elkarlana eskatu ditu Zubimusu ikastolak

Ataria 2025eko otsailaren 20a

Herriko haur eta gazteak erdigunean izanik, euren heziketan parte hartzen duten eragileen arteko elkarlana eskatzeko eta elkarbizitza aldarrikatzeko elkarretaratzea egin du gaur ikastolak Villabonako Malkar plazan.

Elkarbizitzaren aldeko elkarretaratzea egin du gaur arratsaldean Zubimusu ikastolak Villabonako Malkar plazan. Deitzaileek ekimenean herritar guztiei egin nahi izan diete lekua eta, honenbestez, elkarretaratzea amaitutakoan ez dute ez irakurketa ezta adierazpenik egin.

Aurreko egunetan gaurko deialdiaren harira zabaldutako mezuetan Zubimusu ikastolatik adierazi dute hezkuntza-ereduen gaineko eztabaida areagotu egin dela herri mailan. «Gizartean ohikoak izan dira hezkuntza ereduen gaineko eztabaidak, gure ustez, askotan ezjakintasunetik edo muturreko iritzi hutsaletatik abiatuta eta behar adineko sakontasunik gabe eman dira». Ikastolako ordezkarien ustez azken urteetako jaiotza-tasaren jaitsierak egoera hori «tenkatu» egin du: «Honek guztiak, hezkuntza-eragile desberdinen arteko bizikidetza osasuntsu bati eragiten dio, eta gure nahia da, honen guztiaren aurrean, herriko haur eta gazteak erdigunean izanik, euren heziketan parte hartzen dugun eragile desberdinen arteko aitortza, elkarlana eta elkarbizitzaren aldarria plazaratzea». 

Asmo horrekin egin dute gaur elkarretaratzea Malkar plazan eta herritar ugari gerturatu da bertara.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!