Oier Zubeldia, hirugarren Ordiziako Mendi Lasterketan

Ataria 2025eko otsailaren 19a

Oier Zubeldia, eskuinean, Ordiziako Mendi Lasterketako 21 kilometroko probako hiru lehenengoen argazkian. LIDE EGIZALA/GOIERRIKO HITZA

Mendi lasterkari amezketarra podiumera igo da igandean jokatutako Ordiziako Mendi Lasterketan, 21 kilometroko proban.

Ordiziako Mendi Lasterketa izan zen jokoan igandean, eta Soronea-Ammma taldeko Oier Zubeldia amezketarra hirugarren izan zen 21 kilometroko proban. Zubeldiak 1.32.36ko denbora behar izan zuen proba amaitzeko. Bere aurretik Ibai Larrea antzuolarra (1.29.01) eta Gontzal Murgoitio elorriotarra (1.30.15) helmugaratu ziren.

Emaitza horrekin hirugarren postuan jarri da Zubeldia aurtengo Goierri Kopa Trailean, Ordiziako Mendi Lasterketa izan baita koparen lehenengo proba. 96 puntu ditu amezketarrak, 100 puntu Larreak eta 98 puntu Murgoitiok.

Goierriko Kopa Sprint txapelketan, emakumezkoetan lehen postuan dago Eider Zubeldia amezketarra. Ordiziako Mendi Lasterketako 14 kilometroko proban bosgarren egin zuen Zubeldiak eta Garineko Mendi Lasterketan ere postu bera lortu zuenez, sailkapenaren buru dago 184 punturekin. Maite Murgia lazkaotarra bigarren doa, 150 punturekin.

Mutiletan, Goierri Kopa Sprintean bigarren doa Amets Uzkudun altzotarra. Ordiziako Mendi Lasterketako 14 kilometroko proban zazpigarren postuan amaitu zuen Uzkudunek, eta Garingo proban pilatutako puntuak batuz, 128 puntu ditu guztira altzotarrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!