Jaka eta Peña II.a gustura aukeratu dituzten pilotekin

Imanol Garcia Landa 2025eko otsailaren 18a

Albisu, Peña II.a, Jaka eta Imaz, gaur egindako pilota aukeraketan. BAIKO PILOTA

Lizartzarrak eta tolosarrak ostiralean dute elkarren aurka Binakako Pilota Txapelketako play-offetako partida erabakigarria. «Gogorra» izango dela esan dute biek.

Erik Jaka lizartzarrak eta Jon Ander Peña tolosarrak elkarren aurka jokatuko dute ostiralean, Binakako Pilota Txapelketaren play-offetako partidan. Jaka Imaz atzelariarekin ariko da, eta gorriz jantziko dira. Peña II.ak Albisu izango du atzeko koadroetan, eta urdinez jokatuko dute. Neurketa irabazten dutenek igandean beste partida bat izango dute, etzi Tolosan jokatuko den play-offetako beste partidaren galtzaileen aurka. Galtzen dutenak txapelketatik kanpo geratuko dira.

Partida erabakigarria Zornotzan jokatuko da, 20:45etik aurrera, eta jaialdiko bigarren neurketa izango da. Lehenengoan, Urrutikoetxea-Morgaetxeberria eta P. Etxeberria-Aldabe bikoteak ariko dira lehian. Gaur egin dute Zornotzako pilotalekuan pilota aukeraketa, eta bi aurrelariak gustura agertu dira materialarekin. «Niri pertsonalki gustatu zait», azaldu du Jakak. «Pilota nahiko marroixkak eta gustukoak aurkitu ditugu Anderrek eta biok. Iruditzen zait beraien pilotak zerbait lasaiagoak direla. Orokorrean material ona da, gustatu zaidana, eta ea ondo moldatzen garen ostiralean material horrekin». Peña II.a ere gustura dago: «Pilotak frontoirako egokiak dira, onak iruditu zaizkigu, beraz, alde horretatik gustura gaude».

Bi pilotariek ere bat egin dute partida borrokatua izango dela zehaztuz. «Partida oso gogorra edukiko dugu», esan du Jakak. «Behetik gora nabarmen gehien egin duen bikotea da txapelketan. Azken asteetan hil ala biziko partidak jokatzera ohituta dagoena, eta horrek arriskutsuago egiten ditu». Aurretik, txapelketako sailkapen ligako bi partidak irabazi zituzten Jakak eta Imazek, baina ostiralekoa beste partida bat izango dela azaldu du lizartzarrak: «Ostiralean beste tentsio puntu bat eta beste egoera batzuen aurrean topatuko gara, baina gure buruarengan konfiantza izan behar dugu Ander eta biok, elkarrengan sostengatu eta dena ematera atera partidara, txapelketan bizirik segitzeko».

Txapelketan zehar galdutako partidak gogora ekarriz, Peña II.ak «partida gogorra» izango dela nabarmendu du. «Beraiek guk baino lehenago lortu zuten sailkatzea. Ligako bi partidak irabazi dizkigute, beraz, partida gogorra izango da, bikote oso gogorra egiten baitute». Azken partidetan ondo sentitzen ari direla esan du tolosarrak: «Irabaztea lortu dugu eta gustura gaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!