Euskarak kolore asko dituela nabarmenduz

Ataria 2025eko otsailaren 18a

Kanpainaren kartela.

Beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren tabernariak, zerbitzariak eta dendariak dira UEMAk ekin berri dion kanpainaren oinarria. Hain justu, horiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea du helburu.

Iazko azaroan ekin zion UEMAk Egin nirekin ere euskaraz! kanpainari, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko asmoarekin. Bateko eta besteko haurrak eta nerabeak izan ziren kanpaina haren irudia, eta UEMAtik esan dutenez, «ekimenak oihartzun ederra izan zuen». Orduan, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikusarazteko beharra ere nabarmendu zioten hainbat udalek UEMAri, eta horiek dira kanpainaren bigarren aldiko protagonistak.

Zehazki, Arbizu, Azkoitia, Etxarri Aranatz, Ibarra, Larrabetzu, Lekeitio, Lezo, Mutriku, Tolosa eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainan agertzen direnak: Michele Abrego, Valeria Medina, Hector Daniel Hernandez, Jennifer Cardenas, Rizwan Ali, Keyla Vias, Guina Lodiagne, Narcisa Farcas, Amin Boumediene, Maurizio Faedda, Marcos Rocha eta Ansou Senghor. Ibarraren kasuan, Rizwan Ali eta Narcisa Farcas Bizi Nahi elkarteko tabernako arduradunak azaltzen dira kanpainak, eta Tolosaren kasuan, berriz, Amin Boumediene, Tolosako Amaiur tabernako langilea.

UEMAk nabarmendu du horiek guztiak euskaldunak direla.  «Aljerian, Senegalen, Errumanian, Pakistanen, Brasilen, Bolivian, Sardinian, Uruguain, Mexikon eta Nikaraguan jaio dira, eta arabiera, wolofera, errumaniera, urdua, portugesa, sardiniera edo gaztelera jaso dute etxean». Euskara, ez da euren lehen hizkuntza, baina euskara ikasi dute, eta euskaraz aritzen dira bezeroekin. «Askotan, ordea, azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka». Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dutela dio UEMAk, «gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako».

Kanpainaren nondik norakoak azalduz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu ditu UEMAk, eta sare sozialetarako edukia eta bideoak ere zabaltzen hasi da. Bideo orokorra lehenik, eta kanpainan parte hartzen duten tabernari eta ostalarien banakako bideoa joango da zabaltzen ondoren, egunez egun.

Kulturartekotasuna

Kanpainaren abiapuntua Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIrekin eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute UEMAk, udalek eta hainbat eragilek. Herri horietako zenbaitek kezka adierazi dute, lanketa handia egin arren aurreiritziek indar handia dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. Horren aurrean, euskarak «kolore asko» dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak.

Erlazionatuak

Rizwan Ali 'Jon'

Ataria ots 19 Ibarra

Narcisa Farcas

Ataria ots 19 Ibarra

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!