Villabona eta Zizurkilgo Oria merkatari elkarteak, neguko beherapenen azkeneko txanpan, Stock Azoka antolatu du astebururako. Ostiralean arratsaldez eta larunbatean goizez euren eskaintza aterako dute 15 saltokik kalera. Merkatarien izenean hitz egin du Garazi Dorronsoro, Garazi loradendako arduradunak: «Arropa, oinetakoak, etxeko dekorazioa, betaurrekoak, kirol materiala eta bestelakoak prezio ezin hobean eskuratzeko azken aukera izango da».
Merkatariak kezkatuta daude kaleak «hutsik» sumatzen dituztelako eta asteburuko Stock Azoka komertzio txikiak biziberritzen laguntzeko okasioa izango dela uste dute: «Ea denen artean kaleak bizirik mantentzea lortzen dugun. Denok nabari dugu kaleak oso itzalita daudela eta erosketak herrian egiten ez baditugu egoerak okerrera egingo du. Inoiz baino beharrezkoagoa da merkataritza txikia babestea».
Horrelakoetan herrian kale giroa jartzen saiatzen dira Oria merkatari elkarteko kideak. Horregatik, ostiralean, ekimenean parte hartzen duten dendetatik pasako dira erraldoi eta buruhandiak. Erreboteko plazan 17:00etan abiatuko dute ibilbidea eta 19:30 arte ibiliko dira. Larunbatean, berriz, Kolpez Blai taldekoak arituko dira kalez kale 11:30etik 12:45era. «Iaz ere gonbidatu genituen eta giro ona jarri zuten; horregatik erabaki dugu berriro haiek ekartzea».
15 saltokik salgaiak kalera
Asteburuan eguraldiak laguntzea espero dute merkatariek. Honako saltokiek hartuko dute parte asteburuko Stock Azokan: Garazi loradenda, Zizurkil elektrizitatea, Boutique MP, Elizmendi kirolak, Villabona optika-audiologia, Zubimuxu arropa denda, Galerias MJ, Bronte optika, Amane arropa denda, Duna oinetakoak, Garintza mertzeria, Ugalde oinetakoak, Minimarket JC, Ane mertzeria eta Gema loradenda.