Binakako Pilota Txapelketaren sailkapen ligako azken jardunaldia jokatu ondoren, play-offetako neurketak zehaztuta geratu dira. Ostegunean Beotibar frontoian hirugarren eta laugarren sailkatuak neurtuko dira, hau da, Iñaki Artola alegiarra eta bere atzelari Mariezkurrena II.a, eta Elordi eta Zabaleta. 17:00etan hasiko da jaialdia, eta beraien partida bigarrena izango da; irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerdietarako ligaxkara, eta galtzaileak igandean izango du beste aukera bat. Jaialdiko lehen partidan, Larrazabal-Eskiroz eta Murua-Martija ariko dira.
Gaur egin dute Beotibarren osteguneko partidarako pilota aukeraketa. Neurketa «gogorra» izango dela esan du Artolak: «Aurreko biak irabazi ditugu, baina batez ere azkenekoa partida oso gogorra izan zen, irabazi bezala galtzeko aukera ere izan genuen». Elordik eta Zabaletak beheraldi txiki bat izan dutela esan du pilotari alegiarrak, baina partida horiek jokoan hainbeste ez zegoela izan zirela gaineratu du. «Orain berriz ere jokoan hainbeste izanik, ziurrenik beste Zabaleta bat ikusiko dugula, ohituta gaudena, eta beti zaila da berari irabaztea».
Aukeratutako piloten inguruan ohiko iritzia eman du Artolak: «Partidako tenperaturarekin pilota aldatu egiten da, eta batzuetan sorpresak izaten ditugu. Aukeraketako egunean etortzen gara, hotz egoten gara gu ere, eta pilotak partidan ikusi arte ez du ezer asko esan nahi». Aipatu duen ezaugarri bakarra beraiek aukeratutakoak biziagoak direla eta aurkarienak motelagoak. «Gu izan gara aurrenak aukeratzen eta agian beraiek gureak aukeratuko zituzten. Orokorrean, piloten inguruan txapelketan berak erabilitakoak ez zaizkiola txarrak iruditu esan du: «Beti izaten dira egun batzuetan pilota onak eta txarrak, eta gero norberak ezagutzen ditu berari tokatutakoak. Nire kasuan, urtero bezala, batzuetan gehiago asmatzen da eta beste batzuetan gutxiago».
Artolak atseden hartu zuen azken jardunaldian, baina ostegunerako jokatzeko egongo dela azaldu du: «Bi eskuak kargatuta izan ditut. Partida guztiak zerbaitekin bukatu dut; azkenekoan eskua, aurrekoetan lehendik izan ditudan lesioen ondorenak. Partidatik partidara errekuperatzen ibili naiz, entrenatzen baino. Orain bi aste irabazi ondoren, aprobetxatu egin dut asteburuan atseden hartzeko». Fisioterapeutarena pare bat aldiz joateko probestu du azken astea, eta aurretik egin gabeko entrenamendu fisikoren bat egiteko ere bai.
Ondo egonez gero, konfiantza izate aldera pilotariek jokatu nahi izaten dutela esan du Artolak: «Entrenamendu onena partida jokatzea izan daiteke. Baina, aldi berean, eskuetatik justu samar ibiltzea oso normala da eta asteburuan ikusi da zenbatek aprobetxatu duten zeuzkaten min horiek hobetzeko. Kontuan izan behar da, ostegunean galduz gero, igandean beste partida bat dugula». Aurtengo txapelketaren dinamika izandako lesioei begira izan dela gaineratu du alegiarrak: «Entrenamenduak hori kontuan hartuta eginez, eta fisioterapeutarena astean behin edo bitan joanez. Denbora nire alde izan dut txapelketan. Hasi zenean geldi egotetik nentorren, orduan banekien gutxiagora joaterik ez nuela, egiten nuena behetik gora egin beharko nuela eta horrela izan da, partidatik partidara pixka bat hobeto sentitu naiz, eta fisikoki berme gehiagorekin».
Peña II.a aurrera, Altuna III.a kanpoan
Bi neurketa erabakigarri izan dira jokoan asteburuan, eta bietan eskualdeko pilotariak zeuden tartean. Partida nabarmenena Jokin Altuna amezketarrak eta Bikuñak Jon Ander Peña tolosarraren eta Albisuren aurka jokatutakoa izan da. Irabazlea play-offetan sartzen zen, eta galtzailea txapelketatik kanpo geratzen zen. Bada, Peña II.ak eta Albisuk 4-22 irabazi zieten Altuna III.a eta Bikuñari, eta ostiralean jokatuko dute, Zornotzan, 5. eta 6. sailkatuen arteko partida.
Partida horretan aurkari Erik Jaka lizartzarra eta Imaz izango dituzte Peña II.ak eta Albisuk. Jaka eta Imazek 21-22 galdu zuten Elordi eta Zabaletaren aurka asteburuan, eta, beraz, bosgarren postuarekin geratu behar izan zuten, laugarrenak ihes egin ondoren. Ostiralean irabazten duenak, osteguneko galtzailearen aurka jokatuko du igandean partida, eta bertako irabazlea izango da finalerdietako ligaxkara sailkatuko den laugarren eta azken bikotea.