Inauterietako pilotakadaren auzia

Erantzukizunak eskatzen jarraitzen dute

Ataria 2025eko otsailaren 14a

Xuhar herri plataformak elkarretaratzea egin du Tolosako Soldadu kalean, Villabonako gazteak begian pilotakada jaso eta urtebetera. Erantzuleek ardurak har ditzaten eskatu dute.

Duela urtebete, Tolosako inauterietan, otsailaren 13tik 14rako gauean, Ertzaintzak botatako foam jaurtigailu batek begian zauritu zuen Xuhar Pazos gaztea. Eskuineko begiko ikusmena galdu du gazte billabonatarrak eta kalte atzeraezinak ditu. Gertakaritik urtebetera elkarretaratzea egin dute tokian bertan, Tolosako Soldadu kalean, eta bertan bildutakoek salatu dute denbora honetan inork ez duela erantzukizunik hartu, ez instituzionalik ezta judizialik ere.

Gaztearen aitak hitz egin du Xuhar herri plataformaren izenean eta aipatu du indarkeria «neurrigabe eta desproportzionatuak» zauritu zuela bere semea. «Xuhar tirokatu zuen poliziak eskopeta hustu zuen bertan, hamabost kartutxo bota zituen, eurek egindako atestatuan azaltzen denez». Ertzainei zuzendu zaie ondoren Jon Pazos: «Lurretik ezin altxa eta laguntza eske ibili zen Xuhar. Lotsagarria. 16 urteko nerabea lurrean botata utzi zenuten, nazka ematen didazue».

Gaurko ekitaldian eredu poliziala jarri nahi izan dute ezbaian, «gaur egungoa eta etorkizunekoa». Iazkoa bezalako gertakariak errepikatu ez daitezen neurriak hartu behar direla aipatu du Xuharren aitak: «Esku hartze horiek jendea larriki zauritu dezakete eta ez duzue kontuan hartzen. Tamalgarria da eta kezkagarria da. Nola erabili daiteke hil dezakeen materiala, gainezka dagoen kale batean? Bada garaia eredu polizial hau mahai gainean jartzeko, ondo eztabaidatzeko eta lantzeko». Josu Erkorekari, duela urtebeteko Barne sailburuari, eta, gaur egungoari, Bingen Zupiriari zuzendu die mezua Jon Pazosek.

Pilotakada jaso eta gutxira, akusazio partikular gisa, salaketa jarri zuen familiak Tolosako Epaitegian. Joan den azaroan, ordea, epaileak auzia artxibatzea erabaki zuen. «Soilik ertzainen deklarazioetan oinarrituta, alegia, bakarrik akusatuen hitza entzunda hartu zuen erabakia epaileak. Xuharri inork ez dio ezer galdetu. Eta, bide batez, non daude kale honetako kamerako bideoak? Oraindik ez ditugu eskuratu». Kasua berriro irekitzeko eskatu dute Xuhar herri plataformatik. «Polizia horiek beren lana gaizki egin zuten eta epaituak izan behar dute. Ardurak har ditzaten eskatzen dugu. Nor da gertaera larri honen erantzule?», galdetu du Jon Pazosek.

Xuharren familiak hilabeteotan alboan izan dituen senitarteko, lagun eta herritarrek eskainitako babesa eskertu du. «Zuengatik ez balitz askoz zailagoa izango zatekeen hau guztia. Herriak bakarrik salba dezake herria».

Ekitaldiaren amaieran Gorroto Bala taldeko kideek bi kantu eskaini dituzte bertaratutakoen aurrean. Aldi berean, joan den abenduaren 13an Villabonan egindako elkartasun jaialdian ateratako argazkiekin erakusketa jarri dute Tolosako Amaiur tabernan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!