Gipuzkoako marka berdindu du Martinez de Rituertok

Ataria 2025eko otsailaren 10a

Espainiako Atletismo Txapelketa jokatu da asteburuan, pista estalian eta 23 urtez azpiko mailan, eta eskualdeko atletek bi domina lortu dituzte.

Ander Martinez de Rituerto Real Sociedadeko atleta tolosarrak bigarren postua lortu du pertikan 5,40 metroko jauziarekin, zilarrezko domina jasoz, eta absolutu mailan Gipuzkoako marka berdindu du. Beste domina, hau brontzezkoa, June Sudupe Tolosa CF-ko atleta hernialdetarrak lortu du, 3.000 metroko proban. 9.50ko marka eginez, gainera, klubeko errekor berri bat ezarri du.

Beste bi parte hartze izan ziren txapelketa horretan, biak Tolosa CF klubekoak. Manex Civico tolosarra finalera erosotasun handiarekin sailkatu zen, eta bertan 5. izatea lortu zuen 1.500 metroko proban. Bere marka pertsonala egitea lortu zuen, 3.55,81 eginez. Iker Esnaola belauntzarrak pisu jaurtiketako proba oso ona egin zuen, eta 14,26 metroko jaurtiketarekin 6. postu aipagarri bat erdietsi zuen.

Bestalde, Tolosa CF-ko Euken Fernandez atleta amezketarrak klubeko errekor berria ezarri zuen xabalinan asteburuan, 60,12 metroko jaurtiketarekin. Euskadiko Txapelketan parte hartu zuen, eta nagusitasunez irabazi zuen 20 urtez azpiko txapelketa.

Argazkiak: Momentodeporte eta Tolosa CF

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!