Bietako bat kanpoan geratuko da

Ataria 2025ko ots. 10a, 12:20

Peña II.a eta Altuna III.a elkarren aurka, Beotibarren, binakako txapelketaren lehen itzulian.

Peña II.a eta Altuna III.aren artean jokatuko dute Binakako Pilota Txapelketaren azken jardunaldian zeinek jarraitzen duen lehian eta zein geratzen den kanpoan. Jakak aukerak ditu laugarren postua lortzeko.

Binakako Pilota Txapelketaren sailkapen ligako hamahirugarren jardunaldia, azken aurrekoa, jokatu da asteburuan, eta gauza gutxi geratzen dira erabakitzeko. Garrantzitsuena, zein geratzen den txapelketetatik kanpo, eta zeinek jarraituko duen finalerdietarako txartela lortzeko aukerekin. Seigarren postu hori lortzeko, eta beraz aurrera egiteko, lehian dauden bi bikoteek elkarren aurka jokatuko dute: irabazten duenak play-offetan izango da, eta galtzen duenak txapelketaren azken fasea harmailetatik ikusi beharko du. Jon Ander Peña tolosarrak eta Albisu bere atzelariak eta Jokin Altuna amezketarrak eta Bikuña (Aranguren ordezkatuz) bere atzelariak jokatuko dute partida hori, Donostiako Atano III.an, igandean. Aspe enpresaren erabaki tekniko baten ondoren, Bikuña izango da orain titularra bikotean.

Asteburuan, Peña II.ak eta Albisuk garaipena lortu zuten, 14-22, Elordi eta Zabaletaren aurka eta horrek eman die Altuna III.a eta Arangurenekin bost garaipenetara berdintzeko. Amezketarrak eta Arangurenek 19-22 galdu zuten Erik Jaka lizartzarra eta Imazen aurka. Materialaren inguruan kexatu ziren pilotariak. Azken hauek, garaipen horrekin play-offak jokatzea ziurtatu zuten, eta aukera dute laugarren postua lortzeko azken jardunaldian. Hain justu, egun postu horretan daude Elordi eta Zabaleta bikoteari irabazi behar diete eta horiek gehienez 12 tanto egitea. Partida hori ostiralean jokatuko da, Sestaon, eta Imazen ordez Eskiroz ariko da, oiartzuarrak eskuko minez bukatu zuelako azken neurketa. Laugarren postuan geratzeak abantaila du, bi aukera izango dituelako finalerdietara pasatzeko.

Finalerdietan ziurra dute bere lekua Lasok eta Martxel Iztueta tolosarrak, asteburuan partida galdu arren Ezkurdia eta Resustaren aurka, 16-22. Urrutikoetxeak Lasoren partez jokatu zuen. Bigarren doaz orain sailkapenean, eta larunbatean Labriten jokatuko dute, P. Etxeberria eta Martijaren aurka. Iñaki Artola alegiarrak eta Mariezkurrena II.ak hirugarren postua ziurtatuta dute. Asteburuan P. Etxeberria eta Martijari 22-13 irabazi zieten, Eskirozek Mariezkurrena II.a ordezkatuz. Azken jardunaldian Ezkurdia eta Rezustaren aurka jokatuko dute, larunbatean, Bilbon.

Serie B Txapelketa

Bigarren mailako txapelketan parte hartzen ari diren bi pilotarietatik, Arkaitz Gabirondo gazteluarrak oraindik aukera du play-offetara sailkatzeko. Dariorekin batera ari da jokatzen txapelketa eta orain zazpigarren postuan daude. Desiratutako seigarren postua lortzeko, hain justu, postu horretan dauden Larrazabal eta Salaverria II.a bikoteari irabazi behar diote azken jardunaldian. Berdin dio markagailuak, irabaztearekin nahiko da, beraiekin puntuetara berdinduko dutelako eta hor abantaila dute Dariok eta Gabirondok. Partida Donostiako Atano III.a frontoian jokatuko dute, igandean.

Bere aldetik, Gorka Ugartemendia alkizarra eta bere aurrelari Agirre aspaldi daude txapelketatik kanpo. Azken postuan daude, bi garaipenekin, eta larunbatean Labriten jokatuko dute Salaberria eta Gaskue bikotearen aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!