Ander Garinek brontzea lortu du Euskadiko Txapelketan

Ataria 2025eko otsailaren 6a

Tolosa CF-ko atleta alegiarrak pista estaliko 3.000 metroko proban lortu du hirugarren postua, absolutu mailan.

Pista estaliko Euskadiko Txapelketa izan zen jokoan igandean, 3.000 metroko proban, absolutu mailan. Donostiako belodromoan jokatutako lasterketan Ander Garin Tolosa CF-ko atleta alegiarrak hirugarren postua lortu zuen, brontzezko domina eskuratuz.

Garinek 8.34,63ko denbora egin zuen podiumera igotzeko. Lehenengo postuan Ander Aramendi helmugaratu zen, 8.29,74ko denbora eginez, eta bigarren Mikel Aramendi izan zen, 8.33,82ko denborarekin.

Igande goizean, 3.000 metroko txapelketarekin batera, Euskadiko Master Mailako Txapelketa ere izan zen jokoan, eta bertan Tolosa CF-ko bost atletak parte hartu zuten, hiru domina lortuz.

Horietako bi domina Julen Altzelairentzat izan ziren, bigarren postuan iritsi baitzen 60 metroko eta 200 metroko probetan. 60 metroko proban 7,45 egin zuen Altzelaik, eta 200 metrokoan 23,37. Beste domina, hau ere zilarrezkoa, pisu jaurtiketan lortu zuen Iraitz Pikabeak, 8,12 metroko jaurtiketarekin.

Beste hiru atletak abiadura probetan parte hartu zuten. Angel Uranga 60 metrotan aritu zen eta 8,61eko denbora egin zuen. Alberto Rebollo hiru probatan lehiatu zen, 60 metrotan (8,71), 200 metrotan (29,19) eta 400 metrotan (1.06,44). Juanmi Calahorra 60 metroko proban lehiatu zen, 8,92 eginez.

Master Txapelketako argazkiak: Alberto Benito Meaza

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!