Euskal Herrian izan da Hamada Salma Daf, Fronte Polisarioko Informazio Ministroa, eta Euskal Irrati Telebista (EITB) ezagutu ondotik, Tolosaldeko tokiko komunikabideak ere bisitatu ditu, besteak beste, bertako errealitatea ezagutzeko.
Berarekin batera izan dira ATARIAn Mohamed Fadel Mojtar Fronte Polisarioaren Euskal Herriko ordezkaria, Adnan Dahi Gipuzkoako Sahararren Elkarteko lehendakaria eta Itsaso Andueza Fernandez Euskal Fondoa erakundeko Sahara Unitateko kidea.
Harrera egin ondoren, lehenik, erredakzioa eta irrati estudioak ezagutu dituzte eta, jarraian, ATARIAren errealitatearen berri izan dute Eider Aierbe kudeatzailearen eta Rebeka Calvo erredakzioko koordinatzailearen eskutik, eta horretan bitartekari aritu da Haritz Azurmendi. Tokiko hedabideko ordezkari horiek azaldu diete, besteak beste, zein argitalpen ekoizten diren, zenbateko maiztasunez, eta kazetarien egitekoak zein izaten diren.
Horrekin batera, ATARIAren finantzazioaren nondik norako nagusiak ere azaldu dizkiete, eta baita zein erronka dituzten esku artean ere.
Elkar ezagutzeko parada
Elkarrizketa ez da, ordea, norabide bakarrekoa izan. Hain zuzen, Sahara Libre hedabidea ere aurkeztu baitiote sahararrek ATARIAri. Hizpide izan dituzte, neurri berean, euren argitalpenak, lan egiteko modua, euskarriak eta aurrera begirako erronkak.
Ez du adierazpenik egin Salma Dafek, Informazio Ministroak, baina Fadel Mojtar Fronte Polisarioaren Euskal Herriko ordezkariak nabarmendu du bisitaren helburua izan dela, besteak beste, Euskal Herriko irrati eta telebista zerbitzuak bisitatzea eta, neurri berean, tokiko hedabideak ere ezagutzea. Horrez gain, Euskal Fondoa erakundearekin ere bildu dira eta hainbat gai landu dituzte, horien artean, Informazio Ministerioaren proiektu baten finantziazioa.
Esker oneko hitzak
Elkarren berri izatea aberasgarria dela nabarmentzetik harago, Fadelek gaineratu du Euskal Herritik hainbat urtetan luzatu zaiola babes politikoa eta solidarioa saharar herriari eta, zentzu berean, haien borrokari: «Oso eskertuta gaude legebiltzarreko eta euskal erakundeetako alderdiek saharar herriari babesa emateko adostu duten akordio horrengatik».
Eta, hari berari tiraka, aipatu du elkartasun mugimenduek ere babes handia ematen diotela saharar herriari: «Elkartasun ekimen ugari antolatzen dira, izan zuzenean kanpalekuetan, zein Euskal Herrian; horren adierazle da haurrak Euskal Herrira ekartzeko Oporrak Bakean programa. Oso eskertuta gaude euskal gizarteak saharar herriarekin duen babes politiko horrekin».
Bisitaren garrantzia ere nabarmendu du Fadelek: «Zalantzarik gabe, oso bisita garrantzitsua da. Bisita honetan ere ikusi dugu Euskal Herria beti ari dela berezkoa duen nortasun hori sendotzen eta aldarrikatzen; eta guregan ere islatuta ikusten dugun jarrera bat da». Eta zentzu berean aipatu du Euskal Herriak «etengabe» jarraitzen duela kulturaren arloak sustatzen, besteak beste, bertako ohiturak eta hizkuntza: «Asko ikasi dugu identitateari egiten zaion dei horretatik, sustraitze horretatik».