ERREPORTAJEA

Errinozeroen zauri musikalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2025eko otsailaren 7a

Julen Goikoetxea, Iñigo Asensio, Eneritz Iturrioz, Juanjo Falcon eta Ander Zubillaga, Postal Kolekzionistak taldeko kideak. I.E.

Postal Kolekzionistak taldeak bere hirugarren diskoa kaleratu zuen azaroan: Ezusteko Kantak: errinozerontea; datozen asteetan, lana aurkezteko lau kontzertu egingo dituzte, tartean, Alegian eta Tolosan.

Eskualdean badira saltsa askotan aritzea gustuko duten zenbait pertsona. Iñigo Asensio kazetari eta musikari tolosarra da horietako bat. Duela aste batzuk, Mexikon igaro zuen gabon gaua, bertako lagunekin, eta han esan zion agur 2024ari; tartean, migrazio-krisiari buruzko dokumental baterako irudiak grabatzen aritu zen. Horrez gain, Torreon hiriko Chiosco de la Morelos kultur gune eta taberna betiko itxi behar zutela eta, kontzertu akustiko bat egin zuen, berarentzat «magikoa eta berezia» den lekuan. Hori gutxi ez, eta La Laguna eskualdeko musikari gehiagorekin batera, kantu bat inprobisatu eta maketa bat grabatu zuen.

2025ari ongi etorria, berriz, Kolonbian eman zion. Bertan, Euskara munduan dokumentalean protagonista izan zen Jose Miguel Ramirez Giraldo poliglota bisitatu zuen. Horrez gain, beste kontzertu akustiko bat egin zuen, kasu honetan, Arakataka Cafe tabernan. «Bi kontzertuetan jendetza bildu zen, eta biak ere, ederrak izan ziren, arrazoi askorengatik».

Bakarkako bi saio horietan, besteak beste, Postal Kolekzionistak taldeko kideak, taldeak azaroan kaleratutako Ezusteko Kantak: errinozerontea diskoko zenbait kantu jo zituen. Hala ere, Asensiok bazuen gogoa etxera itzuli eta diskoa banda formatuan «behar bezala» aurkezteko. Bada, pasa den ostiralean Hendaian aritu ziren, eta gaur, Alegian egingo dute Errinozerontea Tour birako hurrengo emanaldia. 22:00etan izango da kontzertua, zineman.

Iñigo Asensio: «Kosta egiten zait kantu batzuk luzaroan gordetzea; bestela zahartu egiten zaizkit»

Bat-batean datozen kantuak, kolpetik konposatzen diren horiek biltzen ditu talde tolosarraren lan berriak. «Kosta egiten zait kantu batzuk luzaroan gordetzea. Bakoitza bere momentuan argitaratzeko gogoa eta beharra izaten dut, bestela zahartu egiten zaizkit», azaldu du Asensiok. Zazpi kantuz osatutako diskoa da; hala ere, horietatik lau, 2023an argitaratutako Ezusteko Kantak diskoan entzun daitezke. Diskoaren bigarren zati honetan Palestina, herri zapalduen kanta, Errinozerontea eta Uda garaiak II abestiak dira abesti berriak. Gainera, sortzaileak iradoki du ezusteko kantu gehiago izango direla bilduma honi jarraipena emanez. «Ziurrenik hirugarren zati bat izango du», aurreratu du. 2018an Japoniako Olinpiar Jokoetatik itzuli zenean, hiru abesti berri ekarri zituen, eta oraindik ez ditu argitaratu. «Badakit disko horren izena Nostalgiaren ekonomia izango dela, disko kontzeptual bat izango dela, eta zortzi, hamar edo hamabi kantu izango dituela. Beste kantu batzuk, ordea, ezin izan ditut gorde, eta beharra sentitu dut argitaratzeko. Palestina, herri zapalduen kanta abestiaren kasuan, «hau da Palestinari kantatzeko momentua» sentitu nuen».

Diskoaren helburuari buruz galdetuta, tolosarrak honakoa erantzun du: «Askotan, sortzaileok mistika bat ematen diogu geure buruari, eta egia esanda, ez zait gustatzen». Hori dela eta, azken aldian, kantu berriak egiteko «beharra baino, bat-bateko gogoa» sentitu duela aitortu du. «Kantuak egiteak ongia dakarkit, eta nire letrak kantatzeak ondo egiten dit». Asensiok azaldu duenez, diskoak ez dauka «zerbait eraiki edo deseraikitzeko asmorik, hausnarketa hutsak» dira. «Hori bai, batzuetan, ondo aztertzen jarriz gero, kontraesankorrak ere izan litezke».

Beti geratuko zaigu Paris

Bizitzako zenbait kolpek edo bizitako zenbait egoerek sorrarazi dizkiote kantuak Asensiori. Lagun baten suizidioaren ondoren idatzi zuen Bat gutxiago gara kantua. «Bestetik, Israel ere bada kolpatu gaituen errinozero bat, zalantzarik gabe, eta bere inguruan dagoen mekanismo, genozida, bortitz, axola gabe eta anker hori. Hortik sortu zen Palestina, herri zapalduen kanta abestia. Errinozero hori ere bada etxe bat erosteko ezintasuna, prekarietatea, hirietako Glovoko saltzaileen irudi txundigarria… modu askotara bizi da errinozero hau, eta horregatik, Plastikozko hiri bat kantua. Gauza asko daude kolpatzen gaituztenak, eta agian, globalki hartuta, diskorik politikoena da».

Diskoaren izena Errinozerontea kantuari zor zaio hori. Errinozeroa «indar ikonikoa» duen animalia dela nabarmendu du Asensiok. «Bahman Gobhadi zinema zuzendari irandarraren Rhino Season filmeko «kolpatu gaitu errinozeroak» metafora bisuala baliatu nuen kantuaren esaldi bat osatzerakoan, eta sentitu nuen esaldi hark laburbiltzen zuela, nolabait, ezusteko kantak kontzeptua. Diskoa bada kolpatu gaituzten errinozeroek sortutako lana, neurri batean», azaldu du. «Kolpatu gaitu errinozeroak pandemia osteko bizitzaren lelo edo laburpen bat izan da. Gauza asko etorri dira, kolpe asko etorri dira, eta horiek guztiek osatu dute diskoa», gaineratu du.

Asensiok adierazi du Errinozerontea kantua Alegiarekin «lotura zuzena» duen kantua dela; «bertako antzerki taldearen behar batetik sortu zen». May Gorostiagaren eskaera bat izan zela azaldu du: «Une horretan, Alegiako antzerki taldearen Jo ezak berriro Sam! obra gidatzen ari zen. Hegazkina hartu ez eta ondorengo damuen inguruan hizketan ari ginela, Casablanca filmeko «beti geratuko zaigu Paris» esaldia aipatu genuen, eta ni gogoratu nintzen beti izan dudala esaldi horrekin zerbait egiteko gogoa, eta neure buruan beti izan duela balts kolorea».

Mayri kantua erakutsi zionean, antzerki zuzendariak berehala esan zion Asensiori XX. mendean, bi hamarkadaz, errinozero erraldoi bat egon zela Eiffel Dorrearen ondoan, arkitektura edo eskultura erakusketa unibertsal baten barruan. «Oraindik ere Parisen dago, baina beste toki batean». Garai horretan, gainera, Frantziako hiriburutik heldu berria zen Asensio, Olinpiar Jokoetan lanean aritu ondoren. «Orduan, mundua zein txikia den pentsatu nuen, zenbat gauza lotu daitezkeen. Horregatik, kolpatu gaitu errinozeroak».

Errinozero laguntzaileak

Taldeko kideez gain, kolaboratzaileak ere izan dituzte diskoan. «Saiatzen naiz kolaborazioetan benetako organikotasun bat bilatzen», esan du Asensiok. Gogoratu du Shrabani Aranzabe-Pita TAG abesbatzako zuzendariak esan ziola Bat gutxiago gara kantuak «hunkitu» zuela, eta konponketa bat egin zuela abesbatzarako. «Plazer handiz hartu nuen eta grabatu genuen; Alkiza, gainera, asko estimatzen dut».

Bestetik, Plastikozko hiri bat abestian, Mugan taldeko Pablo Zurutuzak kolaboratzen du talde tolosarrarekin. Irratian ezagutu zuten elkar: «Donostiarra da, eta ni baino zuzenago pairatzen du hiriaren plastifikazioa eta eraldaketa. Kantu folky-ago eta alaiago bat egiten saiatu ginen». Azkenik, Sara Azurzak lagundu dio Asensiori Errinozerontea kantuko ahotsekin. «Ez dakit nola ez nintzen lehenago konturatu balts horrek Sararen ahotsa behar zuela».

Kamisetak ere egin dituzte diskoaren azalarekin. Irati Etxeberria tolosarra arduratu da iruditeriaz. Asensiok adierazi du Imanol Gonzalez eta Goiuri Ezeiza ere diseinuarekin laguntzen aritu direla. «Talde lanaren emaitza izan da. Askotan, zenbait ideia fintzerakoan eta erabakiak hartzerakoan, hobe hiru errinozero, bakarra baino», esan du. Hala ere, nabarmendu du ilustrazioak Etxeberriarenak direla. «Sekulako lana egin du, eta badu minimalismo puntu bat. Iruditzen zait errinozeroa bezalako figura gordin eta bortitz bat, aldi berean, nahiko modu leunean irudikatzen dela. Hor badago errua bota nahi ezaren ideia hori. Kolpatu gaitu, baina, tira, katearen elementu bat baino ez da».

Gaur bertan, Alegiara eramango dituzte kamiseta eta argitalpen berriak, baita disko zahar batzuk ere. Datozen kontzertuetan ere erosi ahal izango dira. Bestela, Postal Kolekzionistak taldearen Linkfly.to webguneko atalean edo sare sozialen bitartez eskatuta erosi daitezke. Banaketari dagokionez, ahal bada, posta bidalketa ekiditea eskatu du Asensiok, jasangarritasunaren alde egiteko. «Euskal Herria txikia da, eta edozein herritatik eskatzen digutela ere, han inguruan talderen batekin kontzertu bat izandakoan, eramango dut, eta gerturatu ezin badu, utziko dut nonbait. Nik nahiago nuke gurekin kafe bat hartzera etorriko balira; hartara, eskura emango genieke. Hori da gure nahia».

 

Iñigo Asensio: «Lekura egokitzen ditugu saioak. Ez dugu berdin joko Alegiako zineman edo Tolosako txosnetan»

 

Egia asko duen talde sendoa

Alegiako kontzertuaren ondoren, otsailaren 21ean, ostirala, Ormaiztegiko pilotalekuan ariko da talde tolosarra. 22:00etan hasita, Sahara Cross Ormaiztegi elkarteak antolatutako Sahararen aldeko jaialdian parte hartuko du. Tolosarrez gain, Mugan, Bele eta Oilar Beltzak taldeak ariko dira, baita Ines Osinaga eta Xabi Solano ere. Ondoren, martxoaren 1ean, Zaldunita bezperan, Tolosako Inauterietan txosna gunean ariko da Postal Kolekzionistak, eta martxoaren 13an, Ordiziako Delikatuz gunean. «Batez ere, disko berriko kantuak aurkeztuko ditugu, baina aurreko diskoetako abestiak ere joko ditugu». Asensiok aurreratu du publikoak «egia asko duen talde sendo» batekin topo egingo duela. «Gure saioak lasai bizitzekoak izaten dira, lekura egokitzen ditugunak. Ez dugu berdin joko Alegiako zineman edo Tolosako txosnetan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!