Elkarrizketa

«Egia, gogorra izan arren, beste edozer gauza baino hobea da»

Josu Artutxa Dorronsoro 2025ko ots. 4a, 20:00

Martxelo Otamendirekin batera, 'Nork hil zuen Begoña Urroz?' solasaldia gidatuko du Ainhoa Oiartzabal Azketa kazetari zizurkildarrak, bihar, 18:30ean, Tolosako udaletxean; «onartezina da biktimekin eta memoriarekin interesen arabera jokatzea», salatu du.

1960ko ekainaren 27a. Bonba leherketa bat Donostian, Amarako tren geltokian. Sei lagun zaurituta. Biharamunean hil zen haietako bat, Begoña Urroz, Lasarte-Oriako 22 hilabeteko haurra. ETAren lehen biktima izan zenaren hipotesia zabaldua zegoen; Ainhoa Oiartzabal Azketa (Zizurkil, 1975) kazetariak, ordea, 50 urte geroago, ikerketa lan mardul bat egin ondoren, guztiz baztertu zituen uste haiek 2011ko otsailaren 20an Berria-n argitaratutako Nork hil zuen Begoña Urroz? erreportajearekin. Rikardo Arregi sarietan epaimahaiaren sari berezia jaso zuen. Bihar, Tolosako Udalak antolatutako Bizikidetza Sustatzen zikloaren barruan, Martxelo Otamendirekin batera, izen bereko solasaldia gidatuko du udaletxeko pleno aretoan, 18:30ean hasita.

Zeren inguruan hitz egingo duzue biharko hitzaldian?

2010ean, atentatua gertatu zela 50 urte bete zirenean, Espainiako Kongresuan ekitaldi instituzional bat egin zuten, eta harrezkero, egun hori, ekainaren 27a, Espainiako Terrorismoaren Aurkako Eguna da. Garai hartan, ekitaldi horren sustatzaileek eta zenbait hedabidek esaten zuten ETAk hil zuela Begoña. Orduan, Berria-rako erreportaje bat lantzen hasi ginen, gure ustez, bazirelako nahikoa ebidentzia hipotesi hori baztertzen zutenak. 2011ko otsailaren 20an argitaratu genuen lana Nork hil zuen Begoña Urroz? izenburupean. Egia argitzeko egin genuen erreportajea, hala ez zela izan argudiatzeko eta azaltzeko. Hortaz, atentatuaren eta ondoren landutako erreportajearen nondik norakoak kontatuko ditugu.

Gogoan duzu nolakoa izan zen erreportajea egiteko prozesua?

Lan askoko egunak izan ziren, intentsuak, baina kazetaritzaren ikuspegitik, zirraragarriak. Igandeko gehigarria egiten genuen garai hartan, eta Martxelok proposatu zidan gaia; 2010eko urria izango zen. Zenbait argitalpenek ETAren lehen biktima izan zela esaten zuten, eta, aldi berean, zenbait hedabideetako artikuluetan historialari askok esaten zuten horrek oinarri historikorik ez zuela.

Harrituta geunden, eta lanean hasi ginenean, ez genuen kazetaritzako ohiko erreportajerik topatu. Ondorioz, hortik hastea erabaki genuen. ETAko orduko lehen militanteengana jo genuen. Galdetu genien ea zer oroitzen zuten, eta ea posible ote zen hipotesi hori egia izatea; guretzat oso arraroa zen. Esan ziguten ez zutela gertaera bera ere oroitzen. Orduan, Eusko Jaurlaritzaren webgunean hasi nintzen bila, ea terrorismoaren biktima gisa agertzen ote zen, eta ondorioztatu nuen ez zegoela agiri ofizialik. Orduan, hari horri tiraka hasi ginen.

Eusko Jaurlaritzara eta Espainiako Barne Ministeriora deitu genuen, horienak kontsideratzen direlako datu fidagarrienak. Jaurlaritzaren datuen arabera, atentatuaren autoretza ezezaguna zen. Une horretan jabetu nintzen oso erraza zela egiaztatzea ETAren izenik ez zela inon ageri. Hari guztiei tiraka jarraitu nuen, eta gogoan dut Martxelori denbora gehiago eskatu niola, material asko zegoelako.

Ondo landu nahiko zenuen, ezta?

Ahalik eta gehien argitu nahi genuen gaia, informazio berria emanez. Galdera hura izan zen titularra, egunkari batek ez duelako zuzenean esaten nor den nor; zerbait primizian aurkitzen ez baduzu, behintzat. Gure helburua, genuen informazio guztia ordenatu eta argitara ematea zen, gizartea konturatu zedin puzzleko piezak ez zetozela bat.

Tartean, hala ere, izan ziren lortu ezin izan zenituzten zenbait lekuko.

Bai, asko. Eta lortutakoak ere, kostata lortu genituen. Esaterako, asko kosta zitzaidan Espainiako Barne Ministerioarekin hitz egitea, eta berez, kazetari batek ez luke arazorik izan behar. Sentsazioa genuen enbarazu egiten ari ginela. Terrorismoaren biktima baten inguruan hitz egiteko tonu desegokia erabiltzen zuten. Hor ikusten da informaziora heltzeko zailtasunak izan genituela. Webgunean behar nuen guztia nuela esaten zidaten, baina ez zegoen Begoña Urrozen inguruko informaziorik, ez ETAk eragindako biktimen zerrendetan, ezta beste zerrendetan ere. Eusko Jaurlaritzan, berriz, segituan erantzun zidaten, eta segituan esan zidaten ez zegoela ETA izan zela esateko oinarririk, ezta frogarik ere. Une horretan jabetu ginen gai serioa zela.

Nabarmendu behar da, modu isolatuan aurkeztu izan bada ere, atentatu-kate baten atentatu bat izan zela hura. Sei bonba lehertu ziren bi egunetan. Donostian bi, eta Bilbon, Bartzelonan, Madrilen eta Zaragozan bana. Horretarako baliabideak behar ziren, eta horrek esan nahi du erakunde edo talde horrek bazituela giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak. Garai hartan, ETAk, zirudienez, ez zuen halakorik. Gure ustez, hauek ere ebidentzia pisutsuak ziren.

Familiarekin hitz egiteko aukerarik izan zenuten?

Familiak uste zuen ETA izan zela; hala esan zien garaiko gobernadore zibilak. Orduan, pentsatu genuen, ez zela beraiekin hitz egiteko momentua, eta ez deitzea erabaki genuen. Baina, behin erreportajea argitaratu ondoren, deitu genien, eta eskertu zuten. Hala ere, ez zuten hitz egin nahi izan, beraientzat gai gogorra zelako. Badakit erreportajea gordeta dutela etxean, eta beraz, ez dut uste gure aldetik gaizki sentituak izan direnik. Gure asmoa, behintzat, ez zen sokatiran aritzea, datu berriak mahai gaineratu eta horiekin errealitatea adieraztea baizik.

Erreportajearen titularreko galderak badu erantzun bat, ezta?

Gure aurretik, Dril izeneko erakunde bat seinalatu zuten zenbaitek, eta hala egin genuen guk ere. Epaitegi batek ez du halakorik esan, baina datuek hala diote, eta erakundeak berak, egindako zenbait adierazpenetan, bere egiletza aitortu zuen. Honi lotuta, eskerrak eman nahi dizkiot Xavier Montanya kazetari katalanari. Drilen inguruko liburu bat egin zuen, eta berari esker, erakundeko kide bat eta beste baten semea elkarrizketatu nituen, erreportajean ageri direnak. Gainera, Polizia Frankistaren zenbait agiri bidali zizkidan, atentatuaren garaikoak, non erakusten zuten Dril izan zela egilea. Ondorioz, 2013an, bigarren erreportaje bat argitaratu genuen, hori kontatzeko.

Zure ustez, zertarako balio dezake gaurko saioak?

Duela hamalau urteko lana da, baina hamalau urte hauetan gauza asko pasa dira, eta hori ere kontatuko dugu hitzaldian, ETAren egiletza indarra galtzen joan dela, eta uste hori zutenek ere Drilek hil zuela aitortu dutela, alegia. Aldi berean, salatu nahi dugu onartezina dela biktimekin eta memoriarekin interesen arabera jokatzea. Batere oinarririk gabe, edo beste alde batera begiratu eta datuei ezikusiarena eginez hitz egiten zen zenbait hedabideetan. Memoria osoa, benetakoa, partekatua eta garbia lantzea eta aldarrikatzea da helburua. Egia, gogorra izan arren, beste edozer gauza baino hobea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!