Urteko lehen koplak, Santa Ageda bezperaren bueltan

Ataria 2025eko otsailaren 4a

Santa Ageda bezpera da gaur, eta santa eskean ariko dira herritarrak, kalez kale eta baserriz baserri, makilak eskuan.

Kalera irteten lehenak izango dira ikaztegietarrak, eta ostatutik abiatuko dute ibilbidea, 15:00tan. Anoetan, berriz, Kukuak Kantuz taldekoak ariko dira eta Gaztelekuan egingo dute hitzordua, 15:30etan, herritarrekin batera baserriz baserri eta kalez kale joateko. Adunan eskola komunitatea herritarrekin batera aterako da kantari 16:30ean, eta ondoren, Zabala sagardotegian afalduko dute.

Iruran, Ikastolako kideek girotuko dituzte herriko kaleak, 17:30etatik aurrera, eta Tolosan, berriz, udal musika eskolako ikasleek egingo dute. 17:30etan abiatuko dira musika eskolatik, eta herrian barrena ibili ostean leku berean amaituko dute. Ordu berean abiatuko dute ibilbidea Bidania-Goiazko Kukuri kultur taldekoak, eta herriko txoko zein bazterretan ibili ondoren, iluntzean afaria egingo dute. Ibartarrak herriko plazatik abiatuko dira, 18:30etan, eta Izaskungo aparkalekura iritsi ostean, baserrietan zehar kantari ospatuko dute Santa Ageda bezpera.

Eskualdeko beste zenbait herritan aurretik ospatu dute Santa Ageda bezpera. Esaterako, igandean kantu eskean aritu ziren Amezketan eta Belauntzan, eta astelehenean, berriz, Alegiako Txintxarri Abesbatza kultur elkartekoen txanda izan zen.

Baserritarrez janzteko eta makilak eramateko deia egin dute antolatzaileek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!