Binakako Pilota Txapelketaren hamabigarren jardunaldia izan da jokoan asteburuan, eta Laso eta Martxel Iztueta tolosarra lehen postuan jarri dira berriro sailkapenean, Idiazabalen Elordiri eta Zabaletari 22-11 irabazita. Bederatzi garaipen dituzte, Ezkurdia eta Rezustarekin berdinduta. Hain justu, elkarren aurka jokatuko dute hurrengo jardunaldian, eta irabazten duenak bikoteak ziurtatuta izango du parte hartzea finalerdietako ligaxkan. Partida erabakigarri horretan, baina, ez du Unai Lasok jokatuko, ezker eskua minduta amaitu baitzuen, eta Urrutikoetxeak hartuko du bere lekua.
Iñaki Artola alegiarrak eta Mariezkurrena II.ak 22-12 galdu dute Jokin Altuna amezketarra eta Bikuñaren (Arangurenen ordez aritu zen) aurka Bilbon, eta laugarren postuan jarraitzen dute zazpi garaipenekin. Bere aldetik, Altuna III.ak eta Arangurenek bosgarren garaipena lortu dute, eta seigarren postuan daude.
Txapelketatik kanpo ez geratzeko borrokan dauden beste bik bikoteek ere garaipena lortu dute. Erik Jaka lizartzarrak eta Imazek 22-18 irabazi diete P. Etxeberria eta Martijari Labriten, eta bosgarren postuan daude bost garaipenekin. P. Etxeberria eta Martija txapelketatik kanpo geratu dira matematikoki, bi garaipen bakarrik lortu dituztelako. Peña II-Albisuk gora bidean jarraitzen dute, eta 22-13 irabazi diete Ezkurdia eta Resustari Oñatin, eta laugarren puntua lortuz zazpigarren postuan daude.
Binakako Serie B maila
Bigarren mailan, Dariok eta Arkaitz Gabirondo gazteluarrak 13-22 galdu dute Bakaikoa (Senarren ordez) eta Eskirozen aurka, Idiazabalen. Zazpigarren postuan daude Dario eta Gabirondo, bost garaipenekin.
Gorka Ugartemendia alkizarrak ez du jokatu, eta bere ordez Iker Elizegi asteasuarrak jokatu du. Agirrerekin batera 18-22 galdu dute Zabala eta Aldaberen (Eskuzaren ordez) aurka. Agirre eta Ugartemendia bikoak garaipen bakarra du, eta dagoeneko ez dira sailkatuko hurrengo faserako.