Euskal Herriko 16. Mus Txapelketa martxan da. Herriz herri jokatuko da lehen fasea martxoaren 2ra arte. Besteak beste, Anoetan, Orendainen eta Zizurkilen ospatuko dira kanporaketak datozen asteetan. Gipuzkoako finala Itsasondon jokatuko da martxoaren 22an eta finala, apirilaren 5ean izango da Zigoitiko Gopegi (Araba) herrian.
Euskal Herriko zazpi herrialdetako muszaleek eta muslariek Euskal Herriko Mus Federazioa sortu eta duela 16 urtetik antolatzen dute txapelketa, zatiketa administratiboa gainditu eta nazio kontzientzia indartzeko asmoz. Ahalik eta herri gehienetan antolatu nahi izaten dituzte herrietako kanporaketak eta txapelketa modu herritarrean antolatzen dute. EHmus webgunean saiatzen dira federazioko kideak musaren amarauna josten. Geroz eta gazte eta emakume gehiagok parte hartzen du urtez urte txapelketan eta antolakuntzak lan egiten du joera hori «indartu eta zabaldu» dadin. 20 euro ordaindu behar dira izen ematerakoan.
Jende askok hartzen du parte urtero Euskal Herriko Mus Txapelketan. Iaz, esate baterako, 2.100 bikotek hartu zuten parte. Altzai (Zuberoa) herrian egin zuten finala eta Tafallako (Nafarroa) Carlos Gomez eta Alberto Lizarrek jantzi zituzten txapelketak.
Sariak parte hartzaileentzat
Euskal Herriko Mus Federazioak 50.000 euro baino gehiago banatzen ditu sarietan. Txapeldunek, txapelaz gain, garaikurra, 3.000 euro eta lau lagunentzako nazioartera bidai bat irabazten dute. Txapeldunordeek, berriz, garaikurra, 1.500 euro eta bi lagunentzako nazioartera bidaia. Hortik aurrera sari gheiago ere izaten dira finalean lehen postuetan sailkatutako bikoteentzat, eta opariak banatzen dituzte herrialdeetako finaletan. Parte hartzaile bakoitzari kamiseta bat ematen zaio opari.
Eskualdeko hainbat herritan kanporaketak egingo dituzte egunotan:
- Anoetan, urtarrilak 31n, 22:00etan, Arkupe tabernan.
- Orendainen, otsailaren 1ean, 16:00etan, Ostatuan.
- Zizurkilen, otsailaren 7an, 22:00etan, Zentroan.
Herrialdetako kanporaketak martxoaren 22an egingo dituzte eta, Gipuzkoari dagokiona, Itsasondon antolatu dute, 15:30etik aurrera herriko frontoian. Apirilaren 5ean izango da finalaren egun handia eta federazioak egun horretarako musa eta jaia uztartuko dituen egitaraua prestatuko du.