Saretzera deitu dituzte Euskal Herriko torturatuak

Ataria 2025eko urtarrilaren 30a

Iazko azaroaren 13an egin zuten eskualdeko torturatuen batzarra Ibarrako kultur etxean.

Otsailaren 15ean Kursaalean batzar eratzailea egingo du Euskal Herriko Torturatuen Sareak eta hara joateko deia egin diete torturatuei.

Euskal Herriko Torturatuen Sareak nazio batzar eratzailea egingo du otsailaren 15ean Donostiako Kursaalean, 10:30ean hasita. «Indarra eta kemena» erakusteko baliatu nahi dute ekitaldia eta Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzailearen ustez balioko du torturatuak subjektu gisa batzeko eta ahots propioa duen sare gisa gorpuzteko. Horregatik tortura jasan duen euskal herritar orori egin diote deia Donostiara joateko, «barruko mina aitortu eta aurrera urratsa egiteko».

Sistema oso baten babespean, sei hamarkada luzez operatibo egon den metodo «krudel eta lazgarria» izan da tortura talde sustatzaileko kideen esanetan eta milaka euskal herritarrek sufritu dute: «Atxiloketak, jarraipenak, kontrolak, erailketak, kolpeak eta mehatxuak, dispertsioa, kalabozoa, patioa, bakardadea... Gure herrian sufrimendu handia dago gordea eta sufrimendu hori indar bihurtzeko garaia da. Garrantzitsuena ez da egin ziguten hura, egin ziguten harekin zer egiteko gai garen baizik».

Euskal Herrian tortura modu sistematikoan erabili izan dela aitortzearekin batera, torturatuen «aitortza publiko, sozial eta ofiziala» eskatuko dute otsailaren 15ean egingo duten batzar eratzailean: «Inposatu nahi diguten kontakizun faltsu eta interesatuaren aurrean, egia argitara atera nahi dugu; gure kontakizuna egiteko eta benetako aitortzaren bidea urratzeko, geure buruak errekonozituz eta ahaldunduz». Torturaren alorrean fase berri bat irekitzeko deia luzatu dute deitzaileek, «hamarkada luzez erakutsitako determinazio eta ilusio berarekin».

AITORTZA ESKAERA

Sarea ahalik eta gehien zabaldu nahi dute eta, beraz, laguntza eskatu dute deia ahalik eta torturatu gehienengana iristeko. Uste dute eurek egin ezean ez duela beste inork egingo: «Askotan bidea ezin da bakarrik egin eta sinetsita gaude elkar lagunduz eta babestuz urratuko dugula bidea. Torturatuontzat orain arte itxita egon diren aitortzarako eta erreparaziorako ateak zabaltzen lagundu nahi dugu». Talde sustatzaileak eurekin harremanetan jartzeko bideak eman ditu ezagutzera: harremanak@euskalherrikotorturatuak.eus posta elektronikoa eta sare sozialetan @torturatuakEH erabiltzailea.

Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzaileko kideek badakite zauriek bizirik dirautela eta horregatik jarri nahi dute «zaintza» prozesuaren erdigunean. «Elkarri lotzen gaituen sufrimenduaren haria elkartasun sare bihurtu nahi dugu; pairatutako sufrimendua indar askatzaile bilakatzeko prozesuak ahalduntze kolektibora balioko du». Sarekideek, behin datorren otsailaren 15eko batzarra igarota, eraiki beharko dituzte elkar zaintzeko zein mekanismo jarri martxan.

Iazko otsailaren 13an aurkeztu zuten Euskal Herriko Torturatuen Talde Sustatzailea, eta ekainaren 26an, Torturaren Biktimen Aldeko Nazioarteko Egunean, iragarri zuen Euskal Herriko torturatuak saretzeko auzolan erraldoi bati ekingo ziola. Hilabeteotan, hogei batzar baino gehiago egin dituzte –Tolosaldekoa Ibarrako kultur etxean egin zuten–, eta, guztira, zazpiehun torturatuk baino gehiagok parte hartu dute.

Prozesuaren sustatzaileek aitortu dute Nafarroako Torturaren Sarea izan dutela «itsasargi» eta udazkeneko batzarren testuinguruan ehunka lagun torturatuek sareari adierazitako atxikimendua arrakastaren islatzat dute: «Esku artean dugun erronka aurkeztu, eta berari eusteko deia egin diegu bertaraturiko pertsona torturatu guztiei eta erantzun positiboa jaso dugu kasu guztietan».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!