Binakako Pilota Txapelketaren azken fasean sartuta, hamaikagarren jardunaldia jokatu da asteburuan. Garaipen bakoitzak orain urrea balio du sailkapena finkatzeko, eta Iñaki Artolak eta Jokin Altunak lortu dituzten garaipenak oso garrantzitsuak dira. Artolak eta Mariezkurrena II.ak Elordi-Zabaleta bikoari 22-18 irabazi diote, eta horrekin batera zazpi garaipenetara berdinduta geratu dira. Alegiarra eta bere bikotekidea laugarren doaz, eta Elordi eta Zabaleta hirugarren.
Altuna III.ak eta Arangurenek aurretik liderrak ziren Laso eta Martxel Iztueta tolosarra garaitu dituzte, 22-17, eta arnasa pixka bat hartu dute, seigarren postuan jarriz, lau garaipenekin. Iztueta eta Laso, aldiz, zortzi garaipenekin geratu dira eta bigarren postuan daude orain.
Bazirudien Jon Ander Peña tolosarra eta Albisu gorako bidea egiten hasi zirela, baina Peio Etxeberria eta Martijaren aurka 12-22 galdu ondoren, zazpigarren daude orain, hiru garaipenekin. Erik Jaka lizartzarrak eta Imazek ere ezin izan dute garaipenik lortu: 22-13 galdu dute Ezkurdia eta Rezustaren aurka, eta lau garaipenekin bosgarren postuan daude. Ezkurdia-Rezusta lehen postuan jarri dira bederatzi garaipenekin.
Binakako Serie B Txapelketa
Bigarren mailako binakako txapelketan, Dario eta Arkaitz Gabirondo gazteluarrak galdu egin dute, 17-22, Bakaikoa eta Morgaetxeberria bikoaren aurka, eta seigarren postuan daude bost garaipenekin. Gorka Ugartemendia alkizarrak ezin izan du jokatu asteburuan, eta bere ordez Lizeagaa aritu da. Agirrerekin batera 22-21 irabazi diote Egiguren V.a eta Bikuñari. Agirre eta Ugartemendia azken postuan daude, asteburuan lortutako garaipen horrekin, eta dagoeneko ez dute aukerarik play-offera sailkatzeko.