Mitxelena izango da Euskadiko Pilota Federazioko presidentea

Ataria 2025eko urtarrilaren 27a

Joxe Mari Mitxelena, artxiboko irudi batean. MAIALEN ANDRES / FOKU

Larunbatean egin zituzten hauteskundeak, eta Pilota Zazpi Haizetara taldeko Mitxelenak aldeko 47 boto jaso zituen; Olaetak, berriz, 30. Talde horretan daude Itxaso Erasun zizurkildarra eta Tolosan bizi den Ion Eskudero.

Euskadiko Pilota Federazioak presidente berria izango du: Joxe Mari Mitxelena (Oiartzun, 1958). Larunbatean egin zituzten hauteskundeak, Abadiñon (Bizkaia), eta hura izan zen boto gehien jaso zuena: 47. Enaitz Olaeta beste hautagaiak, berriz, 30 boto eskuratu zituen. Otsailaren 1ean hartuko du kargua Mitxelenak, eta orduan hasiko du datozen lau urteetarako agintaldia, Gotzon Enbil ordezkatuta. Zortzi urte egin ditu karguan Enbilek.

Presidentetzarako bi hautagaiek dute eskarmentua, biak aritu baitira Enbilekin lanean: Mitxelena federazioko diruzaina izan da, eta Olaeta, ordezkari, Bizkaiko Federazioko presidente gisa. Bada, Mitxelena buru duen Pilota Zazpi Haizetara hautagaitza nagusitu da. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!