Gure Plaza Txo! proiektua sendotu da

Ataria 2025ko urt. 24a, 13:12

Alkizako alkate Inaki Irazabalbeitia, Goizane Alvarez diputatua, Isaac Palacios gazteriako zuzendaria eta Larraulgo alkate Maite Arana gaurko aurkezpenean.

Albiztur, Alkiza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartzan proiektuarekin jarraituko dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako Gure Plaza Txo! proiektua sendotu egin da. Duela bi urte abiarazi zuten 1.000 biztanletik beherako herrietako haur, gazte eta nerabeei aisialdi hezigarria eskaintzeko eta proiektu pilotua burutu duten herrietan zerbitzuak jarraituko duela esan dute, hau da, eskualdeko Albiztur, Alkiza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta, Larraul eta Lizartzan. Eskualdetik kanpo Aizarnazbalen jarraituko dute proiektuarekin.

Kultura eta Gazteria diputatu Goizane Allvarezek adierazi duenez, «Kultura eta Gazteria Departamentuaren helburua da landa eremuko gazteen garapen integralari laguntzea eta haien inguruan aisialdi hezitzailea izateko eskubidea bermatzea, beste herri batzuetara joan beharrik izan gabe prestakuntza eta jolas jarduerez gozatzeko. Herri txikietako gazteak beren herrietan gelditzea eta komunitateko kide izatearen sentimendu sendoa sustatzea nahi dugu». Ildo horretan, Kultura Sustapeneko eta Gazteriako zuzendari Isaac Palenciak esan du 2024ko urritik abendura bitartean 90 saio egin direla –aurreko urtean 75 saio egin ziren tarte berean–, eta, batez beste 19 gaztek parte hartu dutela saio bakoitzean.

Larraulgo alkate Maite Aranak programak udalerrirako dituen onurak nabarmendu ditu: «Baliabide gutxi eta ia langilerik ez duen gurea bezalako udal batentzat ia ezinezkoa da gazteei halako zerbitzu bat eskaintzea, laguntzarik izan gabe. Larraulen 260 biztanle gara; horietatik 58 18 urtetik beherakoak, hau da, % 23 baino gehiago. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiot Kultura eta Gazteria Departamentuari, udalerri txikiek eremu horretan dituzten beharrekiko azaldu duen sentsibilitateagatik, aukera ematen baitigu aisiarako aukera bat eskaintzeko Larrauldik irten gabe, herrian errotzea sustatuz. Ikasturte honetan 13 nerabe ari dira ekimenean parte hartzen, eta gero eta kohesionatuago eta proaktiboago daude jardueren antolaketan».

Era berean, Iñaki Irazabalbeitia Alkizako alkateak esan du herriko nerabe eta gazteen arteko harremanak sendotu egin direla eta euren protagonismoa handitu egin dela herriko ekintza kultural eta sozialetan.

Aurrerantzean programa gazte gehiago erakartzera eta zerbitzu pertsonalizatuagoa eskaintzera bideratuko dela esan dute, prestakuntza jarduerak integratuz eta tokiko aldaketa prozesuetan parte-hartze aktiboa sustatuz. Gainera, departamentuaren asmoa da, orain arte bezala, lantaldeak egonkor jarraitzea; «lantaldea bi gizarte hezitzailek osatzen dute, eta funtsezkoak izan dira ekimenak arrakasta izan dezan».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!