Tolosako 3 tabernak itzaleko artisten lanari balioa ematen eta horiek herritarrengana gerturatzen jarraitzen du. Musika taldeen kontzertuak, bigarren eskuko azokak edota erakusketak egiten dituzte bertan. Une honetan, Mikel Garmendia Uranga margolari alegiarraren 24 koadroz osatutako bilduma ikusi daiteke, otsailaren 9ra bitarte. Asteazkenetik igandera bisitatu daiteke erakusketa, astegunez 17:30etik aurrera, eta asteburuetan, 12:00etatik aurrera.
Ez da Garmendiak 3 tabernan erakusketa bat ikusgai jartzen duen lehen aldia. 2021eko azaroan eta abenduan, pinturarekin egindako lanak jarri zituen ikusgai. Geroztik, baina, sorkuntza-prozesu luze batean murgilduta egon da. «Artista askori gertatzen zaien moduan, kobazulotik atera naizenaren sentsazioa dut. Pozik eta ilusioz gainezka nago».
2021eko abenduaz geroztik sortutako lanen bilduma da une honetan Tolosan ikusi daitekeena. «24 koadro dira, guztiak berriak. Ez dut bat bera ere errepikatu aurreko erakusketatik. Askotariko tamainako lanak dira, gehienak txikiak; bizpahiru dira tamaina handikoak».
Olio-pintura erabiliz egin ditu margolanak. «Gehienbat pintura hori erabiltzen dut, hori dut gustukoena. Halaber, erakusketan badago Manley margoekin egindako margolan bat». Marrazkiei dagokienez, «haurren antzera» margotzen duela aitortu du Garmendiak: «Txingoteak marrazten ditut, eta begiak oso biribilak egiten ditut. Zenbait silueta ere topatu daitezke nire margolanetan».
Koadroen artean, badira collage batzuk ere. «Asko gustatzen zaidan teknika da. Asko gozatzen dut txaparekin edota kristalarekin. Batzuetan, kristalaren gainean margotzen dut, baina gero, haizearen eraginez, kristal hori jausi eta apurtu egiten da. Orduan, margotutako kristal zati txikiak izaten ditut, eta horiekin sortzen ditut collageak. Askotariko aukerak eskaintzen ditu lan egiteko modu horrek». 3 tabernako erakusketan hiruzpalau lan dira kristala dutenak.
Oro har, kolore askoko margolanak egiteko ohitura du alegiarrak, batez ere, oinarrizko koloreak erabiliz: horia, gorria, urdina eta berdea. «Gainera, kasik ez ditut nahastutako koloreak erabiltzen. Elkarren ondoan jartzen ditut, eta horrela osatzen ditut koadroak. Gerora, kolore horiek norberaren erretinan nahasten dira; magikoa izaten da hori».
Askatasunez eta gozatzen
Garmendiak aitortu du «askatasun osoz» aritu dela lanean urteotan. «Inolako presiorik gabe lan egin dut. Margotzen dudanean oso ondo sentitzen naiz, eta koadro hauek sortzean, ondo pasatzea izan da helburu nagusia». Alegiarrak esan duenez, horren erakusgarri da 24 lanak elkarren artean oso desberdinak izatea. «Bata bestearen atzetik ikusiz gero, konturatzen zara ez dutela zerikusirik. Zentzu horretan, anarkia pixka bat ere atzeman daiteke erakusketan; ez dakit nahita egin ote dudan ala nahigabe».
Garmendiaren ustez, artista baten sortze-prozesu guztietan «beti ikasten da zerbait». Bere azken erakusketako lanak egitean, «momentuaz gozatzen» ikasi duela aitortu du. «Askotan ez nion garrantzirik ematen egiten ari nintzenari. Koadro bat margotzen hasten naizenean, ez dakit zer itxura izango duen amaieran. Akaso ideia bat izan dezaket buruan, baina gero erabat desberdina da emaitza».
Kobazulotik ateratzea lortu ondoren, «hemen nagoela esan eta eskualdeko herritarrek nire lanen berri izatea» nahi du Garmendiak. «Horretarako, nire gisako artistontzat aukera ederra ematen du 3 tabernak. Nigatik balitz, gehiagotan egingo nituzke erakusketak». Erakusketa ikustera gerturatu eta koadroren bat erosi eta etxera eramateko interesa izan dezakeen edonork berarekin kontaktuan jartzeko aukera izango duela esan du. «Bakarren bat agertzen bada, asko poztuko naiz».
Datozen hilabeteetan, berriro kobazuloan sartzea egokituko zaiola aurreratu du. «Dagoeneko hasi naiz lan berriak prestatzen, kolore berriak lantzen. Olinpiar Jokoen moduan, lau urte barru agertuko naiz berriro», esan du barrez. «Indar handia ematen dit erakusketa bat osatu ahal izateak, eta aste honetan nabari dut hori. Ilusioz eta energiaz gainezka nago», gaineratu du.
Igandean, musika
Musika emanaldiak ere antolatzen dituzte 3 tabernan. Igande honetan, urtarrilak 26, Peppermint Sextet taldeak eskainiko du kontzertua, 18:00etan hasita. Taldea 2014an sortu zen Oreretan, ska, blues, funky, jazz eta erritmo latindarrak uztartzen ditu, eta laugarren aldiz ariko dira 3 tabernan. Egun, bederatzi kidek osatzen dute, eta igandeko saioan, kantu berriak joko dituzte.