Sare publikoan greba egin du irakasleen hiru laurdenak

Ataria 2025eko urtarrilaren 22a

Manifestazioaren amaiera, gaur, Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean. LAB

Sindikatuen arabera irakasleen % 75 batu da lanuztera; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren esanetan, aldiz, % 48k egin du bat greba-deialdiarekin.

Lanuztera deitu dituzte, gaur, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleak, eta LAB, Steilas, ELA zein CCOO sindikatuek plazaratutako oharraren arabera, irakasleen % 75ek baino gehiagok egin du bat. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren arabera, berriz, apalagoa izan zen erantzuna, eta irakasleen % 48 batu zen lanuztearen deialdira.

Manifestazioa Bilbon egin dute Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita! lelopean, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lurralde ordezkaritzaren aurrean bildu dira grebalariak. Sindikatuek salatu dute «greba desitxuratzeko saiakera» egin duela Hezkuntza Sailak, baina euren datuen arabera «erantzun handia» izan duela. Horrekin batera, berriz, seinalatu dute ezarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan direla eta horrek «greba baldintzatu» egin duela.

Mobilizatzeko arrazoiak
Greba egitearen arrazoia gogora ekarri dute mobilizazioaren antolatzaileek, haien esanetan, Eusko Jaurlaritzak ez dituela «aintzat hartzen» hezkuntza publikoaren beharrak.

Zentzu horretan, erabakiak «aldebakarrez» hartzea egotzi dio LABeko Aritz Villarrek administrazioari, eta «benetako negoziaziorik» ez egotea: «Hezkuntza Sailak orain arte irudikatu du mahaiak egon direla, baina sindikatuok adostu ditugun aldarrikapen horiei ez die heldu». Hari berari tiraka, ELAko Miren Zubizarreta ordezkariak Hezkuntza Sailari exijitu dio aldarrikapenak mahai gainean jar ditzala.

Hurrengo deialdiak
Gaurkoarekin hamabi eguneko greba zikloa hasi dute hezkuntza publikoan eta, zentzu horretan, otsailaren 27an eta 28an hirugarren eta laugarren greba egunak izango dituzte irakasleek. Horrez gain, Haurreskolak partzuergoko langileek lanuzteak egingo dituzte urtarrilaren 28an eta 29an, eta otsailaren 12an eta 13an; eta, hari berari tiraka, sukaldeetako zein garbiketako langileek urtarrilaren 30ean 31n, eta otsailaren 19an eta 20an. 

Nafarroan ere egingo dute greba hezkuntza publikoko irakasleek, urtarrilaren 30ean, LABek, CCOOk eta ELAk deituta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!