ELKARRIZKETA

«Normalizatzen ari dira agenda belizista eta faxismoa»

Asier Imaz 2025eko urtarrilaren 22a

Larunbatean manifestazioak antolatu dituzte Bilbon eta Iruñean, eta bertara joateko deia zabaldu dute eskualdean; Tolosaldeko GKS-k autobusak antolatu ditu eta txartelak hainbat herritan daude eskura.

Gazte Koordinadora Sozialistatik (GKS) manifestaziora deitu dute larunbaterako. Bilbon eta Iruñean egingo dituzte, Gerraren eta faxismoaren aurka, gazte langileok lehen lerrora! lelopean. Mobilizazioaren inguruan aritu dira Aitzol Mendizabal eta Mirari Sukia tolosarrak eta Tolosaldeko GKS-ko kideak.

Zergatik deitu dituzue larunbateko manifestazioak?

Aitzol Mendizabal: Agenda belizista eta faxismoa normalizatzen ari dira. Horri aurre egiteko manifestazioak egingo ditugu larunbatean Bilbon eta Iruñean eta dei egiten diogu gazte langileari lehen lerroan lehiatzera.

Agenda belizistaren normalizazioa ematen ari dela aipatu duzu. Zergatik uste duzue?

Mirari Sukia: Mendebaldeko agintariek gerraren aldeko apustua egin dute eta alderdi guztiak, bai ezkerrekoak, baita eskuinekoak ere, agenda hori aurrera ematen ari dira. Batetik, aurrekontu militarrak handitu dituzte, azken hamarkadan %62. Hori gutxi balitz armagintza industria indartu eta estatuak militarizatu dituzte. Horrek ondorio larriak eduki ditu langile klasearentzako. Gerran geroz eta gehiago inbertitzeak esan nahi du esparru sozialetan edo prestazio sozialetan gutxiago gastatu dezaketela, hau da, murrizketak egingo dituztela esparru guztietan. Frantziako Gobernuak, adibidez, baliabide publikoetarako 60.000.000 euroko murrizketak ezarriko dituela adierazi zuen eta horrek eragin duena da 4.000 irakasle gutxiago egotea frantziar estatuan.

Eta, faxismoa normalizatzeari dagokionean?

Mendizabal: Faxismoa gora doa mendebaldeko estatuetan eta hori hainbat esparrutan ikusten da, baina nabarmenena parlamentuan eta kalean izan daiteke. Parlamentuan, adibidez, eskuinmuturreko alderdiak indarra ari dira hartzen eta horren adibidea espainiar estatuan Vox alderdia da, edo Giorgia Meloni presidentea Italian. Kaleetan, esaterako, talde faxistak geroz eta ageriagoak dira. Adibidez, espainiar estatuan hainbat talde berri sortu dira eta Euskal Herria ez da hortik kanpo geratzen, izan ere, hainbat propaganda faxista eta eraso gertatu dira eta azaldu dira azken hilabete hauetan.

Nola ikusten duzue giro honen hedapena sare sozialetan?

Sukia: Sare sozialetan indar handia hartzen ari diren ideia erreakzionarioak oso arriskutsuak direla uste dugu. Batetik, matxismoa existitzen ez dela esaten dute, asmakizuna dela., eta bestetik, etorkinek lana kentzen digutela esaten dute edo lanik egiten ez dutela. Azken finean hauek ekartzen dutena da fokua desbideratzea eta benetako errudunak ez seinalatzea. Guk, ordea, argi dugu kolektibo zaurgarriak babestuko ditugula eta miseria kapitalista betikotzen dutenak seinalatuko ditugula.

Zein girotze kanpaina egin dituzue?

Mendizabal: Gabonak baino lehen aurkezpenak egin genituen Tolosan, Ibarran eta Alegian. Horrez gain, mural margoketak egin dira eskualdeko hainbat herritan, Tolosan, Ibarran, Anoetan eta Zizurkilen. Gainera, abenduaren 31ko herri lasterketetan parte hartu genuen Ibarran eta Tolosan. Orain, autobusak antolatuko ditugu Bilboko manifestaziora joateko. Bilboko manifestazioa 18:00etan hasiko da, Jesusen Bihotza plazatik. Txartelak Ibarrako Atari tabernan, Tolosako Raku tabernan eta Anoetako Arkupe tabernan izango dira eskura.

Sukia: Esan dugun guzti honekin jendeari deialdia luzatu nahi diogu, gurekin batera lehen lerroan egoteko gerraren eta faxismoaren aurka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!