Azken orduko aldaketa garrantzitsu batekin jokatu da Binakako Txapelketaren laugarren jardunaldia, Eskoriatzako pilotalekuan pilatutako hezetasunaren erruz, B multzoko bi partidak jaso dituen jaialdia Oñatiko Zubikoa pilotalekuan jokatu baita azkenean. Bertan, Arraiza-Gaminde bikoteak sendotasunez eutsi dio euren multzoko lehen postuari Etxegarai-Arrillagari 22-14 irabazita eta Salsamendi-Erasunek, euren aldetik, oso kontuan hartzeko bikotea direla erakutsi dute, oraindik punturik batu ezinik dabiltzan Uriarte Capellani 22-11 gailenduta.
Partida oso sendoa jokatuta, aurrelari donostiarrak eta Laukizko atzelariak kontra zituzten pronostikoak irauli dituzte eta txapelketa honetan oso kontuan hartzeko bikotea direla erakutsi dute, bi partidatan euren bigarren puntua eskuratuta. Etxegarai eta Behar Zana elkarteko Arrillaga ere goian egoteko bikotea da, baina ezin izan dute punturik batu.
Oñatikoa izan dute Salsamendi-Erasunek ere aurtengo binakakoan euren estreinako lehia eta nafarra eta gipuzkoarrak ere oso maila politaren jabe direla berretsi dute. Pixkanaka-pixkanaka, Uharteko klubean ari den aurrelaria ari da bere bi lesio larriak atzean uzten eta Oñatin sekulako maila erakutsi du, nahiz eta sabaia oraindik oso altu duen. Itxaso Erasunek, bere aldetik, azkenaldian hartutako bolada bikainari jarraipena eman dio.
Gauzak horrela, B multzoko sailkapena, momentuz, honela geratzen da
1. Arraiza-Gaminde 2 puntu
2. Etxegarai-Arrillaga 1 puntu
3. Salsamendi-Erasun 1 puntu
4. Uriarte-Capellan 0 puntu