Goitik eta behetik estutu da binakakoa

Ataria 2025eko urtarrilaren 20a

Artola eta Jaka elkarren aurka aritu dira asteburuan binakakoan. BAIKO PILOTA

Binakako Pilota Txapelketaren hamargarren jardunaldia izan da jokoan asteburuan, eta sailkapena estutu egin da goi aldean zein beheko aldetik.

Peña II.a tolosarrak eta Albisuk liderrei irabazi zieten, Laso eta Iztueta tolosarrari, 22-15. Hori horrela, Lasok eta Iztuetak sailkapen buru jarraitzen dute zortzi garaipenekin, eta Peña II.a eta Albisu seigarren postura igo dira, hiru garaipenekin.

Hiru garaipenekin daude, baina sailkapenean postu bat jaitsita, hau da, zazpigarren, Altuna III.a amezketarra eta Aranguren. Asteburuan 11-22 galdu zuten Ezkurdia eta Rezustaren aurka. Azken hauek bigarren jarraitzen dute, baina dagoeneko zortzi garaipen dituzte, eta puntuetara Laso eta Iztuetarekin berdinduta daude.

Eskualdeko bi aurrelari elkarren aurka aritu dira, eta Artola alegiarrak eta Mariezkurrena II.ak irabazi dute partida, 12-22 Jaka lizartzarraren eta Imazen aurka. Artolak eta Mariezkurrena II.ak laugarren postuan jarraitzen dute, sei garaipenekin. Jakak eta Imazek bosgarren postuan jarraitzen dute, baina lau garaipenekin, eta atzetik dituzten bi bikoteak puntu bakarrera.

Beste partidan Elordi eta Zabaletak garaipen berri bat lortu dute, 22-18, Peio Etxeberria eta Martijaren aurka. Elordi-Zabaleta zazpi garaipenekin hirugarren daude, puntu bakarrera lehen bi bikoteengandik, eta Peio Etxeberriak eta Martijak sailkapeneko zuloan jarraitzen dute, garaipen bakarrarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!