Ipuscua. Izanetik izena 1025-2025

Milurteko baten erakusketa Donostiako San Telmon

Ataria 2025ko urt. 21a, 07:58

San Juan de la Peñako liburu gotikoa, non 'Ipuscua' hitza azaltzen den. DONOSTIA KULTURA

‘Ipuscua 1.000 urte’ erakusketa jarri dute San Telmo museoan; hiru une kronologikotan banatu dute eta maiatzaren 11ra arte egongo da ikusgai.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 ekimena aurkeztu zuen hilaren hasieran, 'Gipuzkoa' hitza jasotzen duen lehen dokumentu idatziaren milurtekoa ospatzeko; eta horren barruan gauzatu dute Donostiako San Telmo museoan Ipuscua 1000 urte. Ipuscuatik Gipuzkoara. 1025-2025 erakusketa. Joan den larunbatean aurkeztu zuten, eta maiatzaren 11ra bitarte egongo da publikoarentzat ikusgai antzinako komentuaren bi kaperatan.

Erakusketak azken mila urteetan barrena egindako bidaia proposatzen du, hain zuzen, 1025. urtean hasi eta gaur egun arte. Hori horrela, bildutako elementuak erabili dituzte denbora horretan Gipuzkoa entitate geografiko lausoa izatetik nortasun juridiko propioa zuen elkarte egonkor bat izatera nola igaro zen azaltzeko. Erakusketaren edukiak elkarlanean landu dituzte San Telmo Museoko zein Gipuzkoako Foru Aldundiaren Gordailuko teknikariek eta erakusketaren Iosu Etxezarraga komisarioak. Hori gutxi ez, eta aholkulari lanetan izan dute Mikel Alberdi dokumentalista eta historialaria. 

Lurralde eta antolamendu
Esposizioak historian zeharreko bilakaera azaltzen du bi ardatzetan egituratuta: lurraldearen geografia eta gobernu era. Baina, horiez gain, biltzen ditu beste alderdi batzuk ere, hala nola, ekonomia eta filosofia politikoa, zeinak, era berean, eraldaketa hori hobeto ulertzen laguntzen duten.

1025ean lehen aldiz aipatutako Ipuscuatik abiatuta, XIV. eta XVI. mendeen artean lurralde, erakunde, gizarte eta politika errealitate berri gisa eratu zen Gipuzkoara igarotzen da. Azkenik, lurraldeak bizi izandako aldaketak gainetik aipatzen dira, XIX. mendean sistema liberal konstituzional berrian sartzeko. 

Hiru aldiko milurtekoa
Erakusketa hiru une kronologikotan antolatzen da: batetik, izenaren esanahia eta urte horretan zergatik aipatu izana azaltzen dute, besteak beste; bigarrenik, lurraldea eta erakundeak nola finkatu ziren landu dute; eta, azkenik, XIX. mendeko «aldaketa garaia» dute hizpide. Hiru atalak osatu dituzte lurraldearen inguruan, mapa eta ondare balio handiko pieza arkeologiko zein historiko nabarmenak barne: armagintzako piezak, maketak,nobleziako armarriak, dokumentuak, liburuak eta erliebeak. 

Gainera, bi bideo (EITB Media, Elhuyar eta Bilboko Arkeologia Museoaren kortesia) eta Martintxo Altzuetak egindako ilustrazioak gehitu dira.

Pieza gehienak San Telmo Museoko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bildumetatik datoz, eta horiei beste erakunde eta entitate batzuen maileguak gehitu zaizkie: Zaragozako UnibertsitatekoLiburutegia, Donostiako Udal Liburutegia, Euskal Itsas Museoa, Zumalakarregi Museoa, EuskoJaurlaritza, Gipuzkoako Artxibo Orokorra, Koldo Mitxelena Kulturunea eta Tolosako Udal Artxiboa.

Erakusketa museoko elizan amaitzen da, eta azaldutako edukia osatzen dute Gipuzkoako eta Euskal Herriko historiari lotutako 11 eszena irudikatzen dituzten bertako Serten mihiseek. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!