Asteazkenean hasiko dira sindikatuek hezkuntza publikoan deitutako greba egunak. 12 egun izango dira guztira; lau egunetan egingo dituzte lanuzteak irakasleek, beste lautan Haurreskolak partzuergokoek eta beste lautan garbitzaileek eta sukaldariek. Irakasleei urtarrilaren 22 eta 23, eta otsailaren 26 eta 27rako egin diete grebarako deia, Haurreskolak Patzuergokoei urtarrilaren 28 eta 29rako eta otsailaren 12 eta 13rako, eta sukalde zein garbiketako langileei urtarrilaren 30 eta 31, eta otsailaren 19 eta 20rako.
Sindikatuek esan dute 15 urte daramatzatela lan baldintzak arautzen dituzten hitzarmenak eguneratu gabe, «eta horrek eskoletan gure lana modu egokian egitea eragozten digu». Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak bileratan «nahasten» dituztela esan dute, baina langileen lan baldintzak eta eskolen egoera hobetzeko beharrezkoak diren baliabide, inbertsio eta neurriak ez dituela proposatzen.
Hauek dira aldarrikapen nagusiak:
- Lan zamak arintzeko neurri zehatzak adostea.
- Erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea.
- Galdutako erosahalmena berreskuratzea.
- Enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio, itxiera eta enplegu suntsiketa gelditzea.
- Langileon lan osasuna bermatzeko azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea.
- Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea.
- Kalitatezko berdintasun eta hezkidetza pan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.
Eusko Jaurlaritzaren erantzuna
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ohar bat bidali die irakasle eta familiei eta adierazi diete «zaila» dela grebarako deialdia ulertzea «negoziazioak zabalik dauden une hauetan». «Akordioak eskura daude», gehitu du. «Lehentasuna argia da: gure euskal hezkuntza-sistema indartzen jarraitzea, ikasle guztien arrakasta akademikoa bermatzeko. Konpromiso horrek, orain inoiz baino gehiago, hezkuntza komunitate osoak norabide berean elkarrekin lan egitea eskatzen du. Horretarako, ahalegin guztiak egingo ditugu, jomuga horretatik ezerk desbidera ez gaitzan», dio gutunean.
Sindikatuek oso larritzat jo dute Hezkuntza sailak irakasle eta familien posta pertsonalera oharra bidali izana, «propaganda egiteko, familiak irakasleon kontra jartzeko eta greba baldintzatzeko». Eta irakasle eta familiei eskatu diete ez diezaioten biderik eman sailak gutunaren bidez «bere burua justifikatzeko ariketa nabarmen honi. Familiek egunero ikusten duzue eskolako errealitatea eta ez dizuete gutun baten bidez ezer azaldu orain arte».