Eskualdeko agro-elikadura arloko enpresen arteko hartu-emana sustatu, enpresen arteko mahai inguruak antolatu eta horien arteko lankidetzak ekar ditzaketen aukerak identifikatzeko proiektua abiatu zuen Tolosaldea Garatzenek urrian. Bederatzi enpresek hirugarren tailerra egin berri dute, euren arteko lankidetza aukerak aztertzeko; Maria Brizard, Casa Eceiza, Carnicas Alejandro Goya, Insalus, Rafa Gorrotxategi, Oihan Txiki kooperatiba, Aburuza upategia, Isastegi sagardotegia eta Ibarlur kooperatiba izan dira parte hartzaileak.
Orain arte egindako tailer eta dinamikek zenbait gaien inguruko hausnarketa indibidual zein partekatua ahalbidetu dute. Partaideentzat interesezko gaiei buruz aritu dira: talentua, produktu/zerbitzu berriak, merkaturatzea, banaketa eta marketing-a, besteak beste. Partaide bakoitzak enpresaren praktika on bat aurkeztu du, beste partaideekin elkarbanatu eta, bukaeran, bateratze lan espazio bat sortuz.
Agro-elikadura enpresen arteko elkar ezagutzea bultzatzeaz gain, ekimen honek hausnarketa eta ikasketa espazioak sortu nahi ditu, enpresa hauek komunean dituzten erronkak ezagutzeko eta horien inguruko jardunbideak aztertzeko, etorkizunean aurrera eramateko ekintzak identifikatuz.
Orain arte, dinamika eta bilerak enpresetan bertan egin dituzte parte hartzaileek. Ingurukoen etxeak ezagutu eta bakoitzak lan nola egiten duen bertatik bertara ikasteak proiektuari «erakargarritasuna» dakarkiola dio Tolosaldea Garatzenek. Bide batez, lankidetza aukerei balio erantsia eman eta sortu diren harremanak indartzeko, eskualdeko garapen agentziak bere tresna eta baliabideak jarriko ditu enpresen eskura, «etorkizuneko erronken aurrean bidelagun izateko konpromisoari eutsiz».