Eskoriatzako Udal Pilotaleku ederra izango da asteburu honetako Master Laboral Kutxa Binakako Txapelketa Nagusiko geltokia eta bertan jokatuko diren bi partiden arabera, B multzoko sailkapena asko argitu ahalko da. Momentuz, jokatutako partida bakarra irabazita Arraiza-Gaminde dira taldeko liderrak eta aurrera pauso handia eman dezakete Etxegarai-Arrillagari irabazteko gai badira. Azken hauentzat eta Salsamendi-Erasunentzat, Debagoienako zita aurtengo lehen partida izango da eta eman dezaketen maila zenbaterainokoa izan daitekeen ikusteko aukera paregabea izango da.
Mirian Arraizarentzat ere Eskoriatzakoa izango da aurtengo binakakoan bere lehen partida, Turtziozen jokatutako lehen jardunaldian Lide Lopezek ordezkatu behar izan zuelako. Baina donostiarra da aurrelari titularra eta Gaminderekin oso kontuan hartzeko bikotea osatzen dute. Urrutiegira joan gabe, aurtengo Nafarroako Foru Komunitatea Torneoa irabazi zuten elkarrekin eta Hiru Hiriburuak torneoan ere finalista izan ziren. Parean, ordea, bikote oso indartsu bat izango dute oraingoan, Etxegarai eta Behar Zana elkarteko Miriam Arrillaga gipuzkoarrek oso konbinazio sendoa osatzen baitute.
Jaialdiko bigarren partidan, Uriarte-Capellanek eta Salsamendi-Erasunek txapelketako lehen puntua bilatuko dute. Uriarte-Capellanek gertu izan zuten Turtziozen, (22-20 galdu zuten Lopez-Gaminderen aurka) eta Salsamendi-Erasunek lehen partida izango dute aste honetakoa. Bada ikusminik bigarren bikote honek eman dezakeen maila ikusteko. Aurrelari nafarra bueltan da izandako bi lesio larrien ostean eta bere maila berreskuratzeko gai bada, mugarik ez duen pilotari bat da. Behar Zana elkarteko Itxaso Erasun zizurkildarrak, bere aldetik, sekulako joko jauzia eman zuen 2024an eta 2025ean ere hazten jarraitu nahi du.
Beraz, aitzakiarik ez da falta igandean, Eskoriatzako pilotalekuan, 12.00etan hasiko den jaialdira joateko.