Eskualdean ere ospatuko da San Sebastian eguna

Ataria 2025eko urtarrilaren 17a

Leaburuko San Sebastian ermitan, dantzariak.

Berastegin, Leaburu-Txaraman eta Orendainen ospatuko dute astelehenean.

Azpeitian eta Donostian egun handia dute astelehenean, San Sebastian eguna ospatuko baitute. Eskualdean ere badira egun hori ospatzen duten herriak, eta horietan ere astelehenean izango dira ekitaldiak.

Berastegin, esaterako, 11:00etan meza izango dute Erretore etxeko kapilan. Garai batean San Sebastian ermitan bertan egiten zen meza, baina azken urteetan ez dute bertan egiten.

Leaburu-Txaraman, 17:00etan izango da meza San Sebastian ermitan, eta ondoren, herriko dantzariek dantza saioa eskainiko dute. Amaitzean, Leaburuko ostatuan elkartuko dira, mokadutxoa hartzeko.

Orendainen, bestalde, 10:45ean kalejira egingo dute trikitilariek girotuta, herriko plazatik San Sebastian ermitara. 11:00etan izango da meza, eta ondoren, hamaiketakoa egingo dute kultur etxean. 14:00etan, berriz, bazkaria izango da Eltxo elkartean.

 

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!