ERREPORTAJEA

Mende laurden bat

Aitor Arroyo Askarai 2025eko urtarrilaren 19a

10 haur saharar errefuxiatuei harrera iragan uztailean, Leaburu-Txaraman. E.A.

«Ez genituzke hainbeste urte ospatu nahi», horrela hitz egin du mende laurdena betetzeari buruz Alazne Ruiz Luluagak, Tolosaldea Sahararekin elkarteko lehendakariak. Esanguratsutzat jo du elkarteak 25 urte bete izana, «horrek erakusten duelako» egoera ez dela aldatu «gutxienez» denbora horretan.

Dena dela, topatu dio ilunari argirik ere, egoeraren larria ahaztu gabe: «Urteak betetzea ona da erakusten duelako elkartea bizirik dagoela, eta elkartasunak denboran iraun duela. Baina asmoa ez da inondik inora ahalik eta urte gehien irautea, haiek egoera berdinean jarraitzen dutela esan nahi baitu horrek».

Tolosaldean duela bi hamarkada eta erdi elkartu ziren, lehenengoz, zortzi bat familia Oporrak Bakean programaren barruan haur sahararrak Euskal Herrira ekartzeko asmoz. Lehen saiakeran, ordea, ez zuten haurrak ekartzea lortu eta kudeaketa errazteko erabaki zuten elkartea sortzea. Lehen zortzi haietatik abiatu eta «bizpahiru urtetan» hamabost bat familia biltzea lortu zutela kontatu du Eli Eizagirre elkartekideak, nahiz eta zehaztu berak orduan oraindik ez zuela parte hartzen.  

Programa kudeatzetik hasi eta «pixkanaka» elkartearen jarduna urte osora zabaldu dela ere azaldu dute kideek: «Hasieran laguntza puntuala zen, Oporrak Bakean proiektura mugatzen ziren, eta gero hasi ziren pixkanaka-pixkanaka urte osora luzatzen eta jarduna zabaltzen». Hori horrela, jarduera bakoitzaren inguruan boluntario taldeak bildu dituztela ere gehitu dute, eta horiek urtez urte egonkor mantendu direla. Zentzu horretan zerrendatu dituzte euren jardunaren zenbait adibide, besteak beste, janari zein eskolako material bilketak eta Maiatza Borrokan egitasmoa. Mende laurdena ospatzeko, berriz, aurreratu dute «jarduera bereziren bat» antolatuko dutela.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!