Tolosaldeko erronka politikoei erantzuteko estrategia lantzen ari da EAJ

Ataria 2025ko urt. 14a, 12:52

Gipuzko Buru Batzarreko lehendakari Maria Eugenia Arrizabalaga Irura, Ibarra, Anoeta, Asteasu, Villabona eta Zizurkilgo ordezkariekin bildu da eskualdeko erronka politiko, sozial eta ekonomikoei aurrea hartzeko estrategia lantzeko.

Gipuzkoako EAJ-k Tolosaldeko erronka politikoei erantzuteko estrategia lantzen hasi dela esan du. Helburua eskualdeko afiliazioarekin eta elkarteekin lankidetza bultzatzea eta etorkizuneko plan eraldatzaile bat prestatzea da eta hiru helburu nagusi izango dituztela esan dute. Batetik, lurraldeko lehen indarra izatea, «Gipuzkoako esparru politikoan EAJ-ren posizioa indartuz», bestetik aldaketa eta berrikuntzaren eragile izaten jarraitzea «gizartearen behar berriei erantzuteko eta ikuspegi irekia mantentzeko konpromisoz», eta azkenik abertzaletasunaren etorkizuneko erronkei erantzutea «ikuspegi euskaldun, ireki eta zabalago batetik lan egitea, modernitatearen eta tradizioaren arteko oreka bilatuz».

Gipuzko Buru Batzarreko presidente berriak, Maria Eugenia Arrizabalagak, funtsezko zeregina izango duela prozesu honetan esan dute. Bere hitzetan, gaur egungo politika globalean populismoak eta demagogiak dakartzaten arriskuak nabarmenak dira, eta Gipuzkoa ere ez dago salbu. «Are gehiago, fenomeno horiek polarizazioa eta desinformazioa sor ditzakete. Horren aurrean, benetakotasuna eta errealismoa defendatzen ditugu, EAJ-PNVren nortasun historikoa berrikuntza eta eguneroko lanarekin uztartuz».

Topaketa horretan, GBBko eta Tolosa, Ibarra, Irura, Anoeta, Larraul, Asteasu, Villabona eta Zizurkilgo alderdikideek parte hartu dute, etorkizuneko ekintza ildoak aztertzeko eta lantzeko. «Horrela, Arrizabalagak konpromisoa hartu du gizarte, kultura eta ekonomia esparruetako sare berriak sortzeko, etorkizuneko abertzaletasunaren ikuspegi irekia ardatz. Gainera, herrigintza eraginkorra egiteko beharra azpimarratu du, epe motzeko arazoei erantzunez eta aldi berean ikuspegi estrategikoa izanez. Horrela, batetik, eskualdeko osasun zerbitzuaren  etorkizuneko gakoei erantzun egokia emateko beharra azpimarratu zen, eta, bestetik, tokiko ekonomia eta merkataritza suspertu eta dinamizatzeko ekimenak landu ziren, herria maitatuz, herritarrak errespetatuz eta sektarismoari mugak jarriz», gaineratu du. Horretarako, Gipuzkoako EAJ-k gizartearen erronka eta aukerei aurrea hartzeko prozesu proaktibo bat abiatu duela nabarmendu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!