Malloako langarainoko bidea egokitu du Enirio Aralar Mankomunitateak

Ataria 2025ko urt. 14a, 11:59

Amezketan bidea egokitu dute. Iturria: Enirio Aralar Mankomunitatea

Enirio Aralar Mankomunitateak pasa den urtean egindako lanen berri eman du. Amezketa aldeko sarreran Malloako langarainoko bidea osorik egokitu dute.

2024. urtea amaitu berri den honetan, egindako lanen balorazioa egin du Enirio Aralar Mankomunitateak. Aska berriak, bide konponketak, leize garbiketak, itxitura berriak, landaketak... egin dituzte eta horien artean dago Amezketa aldeko sarreran Malloako langarainoko bidea osorik egokitu izana eta jarraian urak gehien erasaten duen zatian 3 bide hormigoitzea. Lan hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren Goilarre programaren barruan egin dute eta Amezketakoarekin batera Ataun aldeko sarreran, Errekabeltz inguruan, Napariturri inguruan, Goroskintxuko puntu zakarrean edota hainbat txabolatako sarreretan egokitzeko lanak egin dituzte.

Dena den, mankomunitateak bere kabuz sustatutako lanen artean nabarmenena Alotza inguruan ur kudeaketa hobetu eta ganadu pilaketak saihesteko helburuarekin bost aska berri eraiki dituzte. Gainera, Elutseta inguruan ur puntu berri bat sortzeko hoditeri berriak sartu dituzte bertaraino. Honez gain, Alotza II ondoan gizakientzat zein animalientzat arriskutsuak ziren zulo handi batzuk zeuden eta arriskua ekiditeko itxitura berria egin dute zuloen inguruan. Aurreko urtean izandako sutearen ondorioz Otadi inguruak oso kaltetuta gelditu ziren ere eremu horren egoera hobetzeko pago landaketa berria egin dute bere itxituraz babestuta.

Azken urteetako lanari jarraituz, leize garbiketa berria antolatu zuten Oiduiko leizean. Boluntarioak bertaratu eta zabor pila handiak aurkitzeaz gain, amiantoa topatu zuten eta lanak bertan behera utzi behar izan zituzten arazoak eskatzen duen protokoloa abiatu ahal izateko. Bestetik, hainbat larre eremutan sastraka garbiketak egin dituzte. Errekabeltz inguruetatik hasi eta Doniturrieta, Beaskin eta Igaratza inguruetaraino egin dituzte garbiketak. Mosaiko eran egin dituzte, paisaia orekatu bat lortu eta modu bateratuan abeltzaintza eta biodibertsitatea biak mesedetzeko helburuarekin. Guztira 55 hektareatan egin dituzte lanak.

Honez gain, beste hainbat lan egiteko materialak ere erosi dituzte eta artzain eta ganaduzaleek auzolanean burutu dituzte lanak: Atajuko harrapalekua, Esnaurretako harrapalekua, Elutsetako eskortak, txaboletako bateriak… Gainera, Aralarko kiropteroak (saguzarrak) kontserbatzeak duen garrantzia kontuan harturik, basoko saguzarrei laguntzeko 20 babes-kutxa jarri dituzte Lareo inguruko zuhaitzetan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

Amaitzeko, sarnaren aurka egindako lanketa aipatu du Enirio Aralar Mankomunitateak. Artzainek gaixotasun honekin arazo handia zutela helarazi ondoren, mankomunitateak albaitari bat kontratatu zuen eta artzainekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiko nekazaritza sailarekin batera sarnaren aurkako plan bat adostu zuten. Plan horren barruan, Enirio-Aralar Mankomunitateko larreak erabiltzen dituzten ardi guztiak bi aldiz tratatu dituzte eta esan dute artzainen esanetan asko hobetu dela egoera.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!