Pediatriako zerbitzuetako murrizketak «egoera puntual» baten ondorio direla dio Osakidetzak

Ataria 2025ko urt. 10a, 14:41

Alegiako osasun etxearen artxiboko irudia.

Change.org plataforman sinadura bilketa bat hasi dute Alegiako eta Ibarrako osasun zentroetan pediatria zerbitzuak murriztu dituztela salatuz. Tolosaldeko ESI-ko arduradunek esan dute egoera laneko baja baten ondorio dela eta profesionalak alta hartzean egoera normaltasunera itzuliko dela. 

Change.org plataforman sinadura bilketa bat hasi dute Alegiako eta Ibarrako osasun zentroetan pediatria zerbitzuak murriztu dituztela salatuz. Alegiako kasuari lotuta «denbora baterako» dela jakinarazi badute ere, hilabeteetan luzatzen ari den kontua dela salatu dute. «Ezer esan ezean, betikotzeko arriskua izan dezake neurri honek, horregatik, eutsi diezaiogun genuen zerbitzuari», dio idatziak. 

Ataria Tolosaldeko ESI-ko arduradunekin jarri da harremanetan, eta esan dute «kasu hau laneko baja baten ondorioz» ematen ari dela, eta nabarmendu dute pediatriako erizainaren arreta egunero bermatzen dela. «Edonola ere, argitu behar dugu kasu hau ez dela murrizketen ondorio bat, baizik eta egoera puntual bat; profesionalak alta jasotzean, orain arte bezala jarraituko da lanean, edo, ordezkapen baten beharra badago, % 100eko ordezkapena egingo da, orain arte egin den bezala».  

Momentu honetan, Alegiako pediatra astean bitan egoten da Ibarrako kontsultan, eta bere ohiko jardunean Alegian egoten da, astean hiru egunetan. «Asteko gainerako egunetan, Tolosako pediatrek ematen diete arreta Ibarrako haurrei, sareko lanari eta zentroen arteko lankidetzari esker. Gainera, gogoratu behar dugu Ibarra eta Tolosa oso gertu daudela, eta zentro batetik bestera arazorik gabe joan daitekeela oinez», gaineratu dute Tolosaldeko ESI-tik. 

Orokorrean mediku gutxi daudela esan dute, eta bereziki familia-medikuak eta pediatrak falta direla, «hemen ez ezik Europa osoan ere bai». Lehen Mailako Arretako Pediatriako ordezkoen zerrendetan egoera horri erantzuteko profesionalak falta direla azaldu dute, eta Osakidetzak enplegu publikorako eskaintza bat egingo duela aurreratu dute. Eskaintzaren baldintzak negoziatzen ari dira Mahai Sektorialean.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!