Tolosako eta Amezketako Udalek bost kirolari aitortu dituzte, nazioarteko lehiaketetan lortutako lorpenengatik: lau judoka, Joseba Regillaga amezketarra, Joseba Etxarri tolosarra, Unai Saralegi tolosarra eta Unai Regillaga amezketarra, eta Imanol Rojo eskiatzaile tolosarra.
Judo Klub Tolosa taldeko lau judokek emaitza historikoak lortu zituzten azaroan Las Vegasen, Nage No Kata modalitatean. Hain zuzen, Joseba Regillaga eta Joseba Etxarri munduko txapeldun izendatu ziren, 23 urtez azpiko mailan; Unai Saralegi eta Unai Reguilaga, berriz, txapeldunorde izan ziren, elite mailan. Azken bikote horrek Alemaniako Europako Kopan ere beste zilarrezko domina bat lortu zuen.
Imanol Rojo eskiatzaile tolosarrak, berriz, munduko txapeldun izatea lortu zuen irailean Val di Fiemmen (Italia) jokatu zen roller eskiko teknika klasikoko 15 kilometroko maldan gorako proban.
Andu Martinez de Rituerto eta Mikel Arteaga Tolosako eta Amezketako alkateen eskutik jaso dute bi herrien aitortza, txapela eta garaikurra. Tolosako alkateak nabarmendu duenez, kirolarien «ahalegina, lana eta grina miresteko modukoak» dira: «Eredu zarete herriko gazte eta kirolzaleentzat. Eta zuek egindako ibilbidea gure komunitatearentzat harrotasun iturri da. Zuen arrakastak gure herriak poztu ditu eta zuen esfortzuak fruitua eman duela ospatzen dugu, gaur, denok». Arteagak ere balioa eman dio Amezketako herri txiki batean horrelako maila lortu duten kirolariak izateari.
Ekitaldiaren amaieran, Bixente Gorostidi bertsolariak bertsoak eskaini dizkie kirolariei.
Kirolariak, aurrera begira
Lau judokek pozik hartu dute bi herrien aitortza. «Urte biribila izan eta gero, polita da herrian horrelako errekonozimendua jasotzea», esan du Saralegik lauren izenean. Hurrengo lehiaketa otsailaren hasieran izango dute, Espainiako Kopako proba bat.
Imanol Rojok ere asko eskertu du jasotako aitortza, eta denboraldi hasiera okerrari poztasun bat emateko balio izan dio. Izan ere, eski denboraldia hasi zenean oso gaizki sentitzen hasi zen tolosarra, eta astebururo lasterketetan parte hartzerakoan ez zen hobetzen. «Tour de Ski hasi nintzen, sendatu ote nintzen esperantzaz, eta bertan behera uztea erabaki nuen, sentsazio berak zirelako. Oso ahul sentitzen nintzen lasterketa guztietan». Tolosara etorri zen probak egitera, eta mononukleosia izan duela atera da. «Birus bat da, jende gehienak pasatzen duena; oso ahul uzten zaitu giharretatik eta ezin duzu zure onena eman. Nire kasuan bizitza normala egiteko arazorik ez nuen, baina ez zidan uzten kirolean goi mailan aritzen». Orain atseden hartzen ari da, eta ikusten ea egoera nola garatzen doan egun hauetan. «Berriro entrenatzen hasiko naiz gutxika, eta probak errepikatuko ditut hemendik hamabost egunetara, ea dena ondo dagoen». Urtarrilean ez du lehiaketarik egingo, eta otsailean izango diren Munduko Kopako bi proba egin nahi ditu, eta otsailaren bukaeran egingo den Munduko Txapelketa.