UTT Erronka 2025

'Ataria' UTT Erronkaren babeslea izango da

Ataria 2025eko urtarrilaren 8a

'Ataria'-ko kudeatzaile Eider Aierbe eta UTT Erronkako antolakuntza taldeko kideak.

Irailaren 13an egingo den probaren jarraipen berezia egitearekin batera, eskualdeko komunikabideak bi sari banatuko ditu.

Lehenengo Ultra Trail Tolosaldea Erronka (UTT Erronka) egingo da irailaren 13an, larunbatez. Iruran hasi eta bukatuko da proba, 77 kilometro izango ditu, 9.200 metroko desnibel pilatua eta horietatik 4.600 maldan gora. Tolosaldeko tontorretatik igaroko da, zirkulu bat irudikatuz: Loatzo, Uzturre, Belabieta, Urdelar, San Lorenzo, Ipuliño, Erroizpe, Otsabio, Intxurre eta Erniozabal. Hori horrela, zortzi herrigunetatik pasako dira mendi korrikalariak: Irura, Berastegi, Elduain, Gaztelu, Lizartza, Altzo, Alegia eta Albiztur.

Bada, ATARIA-k eta UTT Erronkak lankidetza akordioa sinatu dute. Hala, ATARIA probaren eskualdeko hedabide babeslea izango da, eta bi sari banatuko ditu. Batetik, Ataria saria eskualdeko lehen emakume eta gizonarentzat: 100 euroko balioa duen saria eta ATARIA-ren produktu sorta bakoitzarentzat. Bestetik, Ataria saria erreleboetako eskualdeko lehen bikotearentzat: 120 euroko balioa duen saria eta ATARIA-ren produktu sorta.

Horretaz gain, ATARIA-k probaren atal berezia sortuko du eta bertan bilduko du UTT Erronkaren harira jasotako informazio guztia. Lasterketaren egunean ere, jarraipen berezia egingo du eskualdeko komunikabideak, eta ondoren, irailaren 16an 8 orriko gehigarri berezia argitaratuko du, lasterketak emandako guztiarekin.



ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!