Barakaldoko hilketa matxista salatu dute

Ataria 2025ko urt. 7a, 18:56

Lurgatz Talde Feministak deituta, Villabona eta Zizurkilgo oinezkoen zubian egin dute elkarretaratzea.

Gizon batek 84 urteko emakumea hil zuen ostiralean Barakaldon eta azken erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Tolosan, eta Villabona eta Zizurkil arteko oinezkoen zubian.

Urtea hasi besterik ez da egin eta dagoeneko hilketa matxista kasu bat izan da. 84 urteko emakume bat hil zuten pasa den ostiralean Barakaldon (Bizkaia), eta haren semea espetxean dago, emakumea hil izana egotzita. Hilketa matxista hori salatzeko mobilizazioak egin dituzte egunotan eskualdean.

Azken elkarretaratzeak gaur egin dituzte. Lurgatz Talde Feministak deituta, Villabona eta Zizurkilgo oinezko zubian egin dute elkarretaratzea, eta horrekin bat egin dute Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo udalek ere. Tolosako Asanblada Feministak deituta gauza bera egin dute Trianguloa plazan. Biktimaren senide eta gertukoei babesa eta elkartasuna azaldu diete, ez daudela bakarrik esanez. Indarkeria matxistak «hamaika aurpegi» dituela esan dute, eta errealitate «gordin» honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak exijitu dituzte.

Erailketa salatzeko Tolosan egindako elkarretaratzea.

Itaia koordinakundeak bere aldetik, pasa den larunbatean egin zuen elkarretaratzea Tolosako Euskal Herria plazan. Indarkeria matxistarekin bukatzeko «konpromiso osoz» lanean jarraituko dutela aldarrikatu zuten, «zapalkuntzarik gabeko gizarte baten bidean». Halaber, sare sozialetan gogor salatu dituzte 2024an Euskal Herrian emandako eraso zein erailketa matxista guztiak. «Gure eskualdean emandako erasoak ez dira gutxi izan, eta argi dugu horietako bakoitza salatzen jarraituko dugula».

Berria egunkariak argitaratutako datuen arabera, 2003tik, 126 hilketa matxista izan dira Euskal Herrian; iaz, sei emakume hil ziren gizonen esku. Aurtengo lehen hilketa iragan ostiralean gertatu zen, Barakaldako Arrandi kalean. Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen, eta emakumearen 63 urteko semea atxilotu. Polizia etxean izan zen harrezkero, igande goizean epaitegian deklaratu zuen arte. Gizonak deklaratu ondoren, espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Emakumeak inoiz ez zuen semearen aurkako salaketarik jarri, baina Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, gizonak aurrekariak zituen indarkeria matxistagatik.

Protesta ugari hego Euskal Herrian
Eskualdean ez ezik, Hego Euskal Herriko zenbait herritan ere egin zituzten atzo mobilizazioak, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak deituta. Besteak beste, Bilbon, Donostian, Gasteizen, eta Iruñean egon zituzten. Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak ere protesta egin zuen atzo, Bide Onera plazan. Urtea «nazkatuta, nekatuta eta haserre» hasi dutela nabarmendu du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. «Emakumeak soilik emakume izateagatik erailtzen gaituzte, eta errealitate gordin honi aurre egiteko urgentziazko mekanismoak behar ditugu hemen eta orain», adierazi dute.

Pasa den larunbatean ere beste elkarretaratze bat egin zuten herriko plazan, Barakaldoko Udalak deituta. Emakunderekin koordinatuta, Barakaldoko Udaleko Bozeramaileen Batzordea larunbat goizean bildu, eta aho batez onartu zuten adierazpen instituzionala. Adierazpen horretan udalak erabat salatu eta gaitzetsi ditu emakumeek jasaten dituzten indarkeria matxista guztiak. Horrez gain, herritarrei gogorarazi die «gure gizartean oraindik nagusi diren emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpen direla» eta horren aurka dagoela adierazi du. Era berean, biktimaren familiari, lagunei eta hurbilekoei laguntza eskaini dio udalak, eta honek ematen dituen zerbitzuak haien esku utzi ditu.

Emakundek bere aldetik, irmo gaitzetsi du Barakaldoko ezbeharra, eta «matxismoa geldiaraztera» deitu du, «gizon batzuk borrero edo tratu txarren emaile bihurtzen dituelako». Indarkeria matxistaren «gogortasuna eta konplexutasuna» nabarmendu ditu, eta azken hilketa hau «familia-testuinguruan» gertatu den krimena izan bada ere, indarkeria matxistak «hedatzeko, transmititzeko eta harreman mota desberdinetara egokitzeko duen gaitasuna» azpimarratu du. «Berdintasunaren alde lan egitea da hori prebenitzeko biderik eraginkorrena», gaineratu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!