Atzo izan ziren Intxurre Pilota Elkarteak Amezketa, Altzo, Ikaztegieta, Abaltzisketa eta Alegiako guraso eskolekin batera antolatutako XXII. Gabonetako Pilota Topaketako finalak. Partidak Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatu zituzten eta giro ederra sortu zen. Hitzordua baliatu zuten pilota eskolari lotuta egon diren Eduardo Tormo eta Jexux Murua omentzeko. Tormok ez zuen hitzordura gerturatzerik izan. Bixente Gorostidik bertso bana kantatu zuen eta gogoratu zuen 2002ko ekainaren 16an aurkeztu zela Intxurre Pilota Eskola. Horretan aritu zen Eduardo Tormo eta gogoratu zuen nola deitu zituen bilera batera Alegian pilota kinka larrian zegoela esanaz. Jexux Murua pilota eskola baino lehenagotik pilotari lotua dagoela esan zuen bestalde, eta bere diziplina, seriotasuna eta inplikazioa goraipatu zituen.
Topaketan guztira 70 pilotari aritu dira eta hauek dira finaletako emaitzak:
- Prebenjaminak.
- Unai Irazusta Olano (Amezketa) eta Sugatz Beloki Goitia (Amezketa) / Xuban Alberdi Mendizabal (Ikaztegieta) eta Iker Gorka Fernandez (Amezketa): 6-12
- Benjaminak:
- Lier Goñi Artola (Amezketa) eta Aritz Renobales Balerdi (Baliarrain) / Aretz Garmendia Arsuaga (Baliarrain) eta Eki Gorostidi Oiartzabal (Amezketa): 9-12
- Alebinak:
- Aiur Gorostidi Oiartzabal (Amezketa) eta Aimar Garaikoetxea Artieda (Alegia) / Markel Azpilikueta Irazustabarrena (Alegia) / Eneko Garaikoetxea Artieda (Alegia): 12-2
- Kadete/infantilak:
- Manex Luluaga Tejeria (Altzo) eta Aitor Arteaga Zubeldia (Baliarrain) / Xuban Altuna Oreja (Alegia) eta Aitor Karrera Garcia (Abaltzisketa): 12-9
Bertsoak
Hemen Bixente Gorostidik kantatutako bertsoak.
Doinua: Bazkaltzean gogoa neukan
Eduardo Tormori kantatutakoa:
Hoita bi urte atzera egin
goazen bi mila ta bira,
Eduardo Tormo, valentziarra,
maisu heldua Alegira,
gurasoak zuk jarri zenitun
pelotan kinkai begira,
Intxurre eskola hala sortu zan
zure kezkaren harira,
orduko zure hamaika ahalegin
orain hogeita bi dira;
Intxurre, Alegi, Tolosaldea
zuri txaloka ari da.
Jexux Muruari kantatutakoa:
Eskuzko hoita bi, palako hoita hamar,
horri erantsi hamahiru,
urte pila hortan Jexux Muruak
hamaika ahalegin egin du,
pala ta esku, neska ta mutil
xaxatu eta astindu,
esku ta pala, mutil ta neska,
Altzo-Alegi bueltan bildu,
norabide bat markatu eta
bidea erakutsi digu;
mila esker Jexux ein deken lana
beti eskertuko diu!!!
Agurrekoa:
Gaur Larrunarrik a ze distira
pelotai gaztez beteta,
partiduk gero pintxo, egutegi
eta sari banaketa...
Aurten hogeita bigarren aldiz,
marka ez da berriketa,
segi lan hortan Intxurre eta
Altzo, Alegi, Abaltzisketa;
segi bultzaka Ikaztegieta,
Baliarrain, Amezketa,
pelota esku batzuk jotzeko
esku asko behar die ta!!!
Argazkiak: Ibon Azpilikueta