Altuna III.arentzat bigarren garaipena, eta Peña II.ak irabazi gabe jarraitzen du

Ataria 2024ko abe. 26a, 20:50

Altuna III.ak eta Arangurenek 22-17 irabazi diote Peña II.ari eta Albisuri Beotibar pilotalekuan, Binakako Pilota Txapelketaren bosgarren jardunaldian.

Partida borrokatua jokatu dute Beotibar frontoian Altuna III.a eta Aranguren bikoak eta Peña II.ak eta Albisuk. Partidaren erdira arte markagailuan parean joan dira, eta lehen atsedenaldira gorriak 12-10 iritsi dira. Tanto ikusgarriak eta hutsegiteak tartekatu dira. Ondoren, Altuna III.a eta Aranguren beti aurretik mantendu dira, eta urdinak 14-13 gerturatu badira ere, bigarren atsedenaldira 18-14 ailegatu dira aurretik gorriak. Arangurenek egin du 18. tantoa, lurrera jauzi eginez justu-justu iritsiz pilotara; Peña II.ak bigarren botean jo duela kexatu da, baina epaileek ez dute atzera egin erabakian.

Azken txanpan abantaila hori mantentzen joan dira Altuna III.a eta Aranguren, eta 22-17 irabazi dute. Bigarren garaipena lortu dute bost jardunaldi jokatuta. Peña II.ak eta Albisuk burumakur bukatu dute, oraindik ez baitute garaipenik lortu eta azken postuan daude.

Partidaren bukaeran, Altuna III.ak azaldu du partida «oso ona» egin dutela defentsan. «Albisuk oso ondo jokatu du, eta ez gaur bakarrik; lau partidatan behintzat ondo jokatu du eta beraren aurka oso zaila da jokatzea. Asko kentzen du, ibili egiten da, eta sekulako atzelaria da. Bere kontra jokatzea oso zaila da, dena eman behar izan dugu eta ikaragarrizko meritua duen partida egin dugu».

Gaur lortutako puntuari garrantzia eman dio amezketarrak, eta gogora ekarri du puntu guztiak direla garrantzitsuak: «Aurreko astekoak ematen zuen gure ligatik kanpoko partida zela; ikusi zen zer egiteko gai izan ginen, eta pena hartu genuen ez irabazita, baina hankak lurrean ditugu». Aurtengo binakakoan bikote indartsuak jarri dituztela esan du, «azken urteotako indartsuenak. Eta gu lan ona egiten ari garela iruditzen zait, sailkapenari begiratu gabe. Bartzelonan ere Ezkurdia eta Rezustaren aurka oso partida ona egiten ari ginen; ezbehar bat gertatu zitzaigun, baina partida on bat egiten ari ginen. Gure partida txarra Donostiakoa izan zen, han erraz galdu genuena, baina besteetan maila ona ematen ari gara eta hori da helburua».

Bosgarren jardunaldia bukatzear

Binakakoaren bosgarren jardunaldiari amaiera emango dio Barañainen Laso-Iztueta eta P. Etxeberria-Martija bikoteak jokatzen ari diren partidak. Lehen atsedenaldira 10-12 iritsi dira, urdinak aurretik.

Sailkapenari begiratuta, Ezkurdia-Rezusta daude lehen postuan, partida guztiak irabazita; bigarren Elordi-Zabaleta, lau garaipenekin; Laso-Iztueta hirugarren doaz, hiru garaipenekin lau partidatan; hiru garaipen dituzte Artola II-Mariezkurrena II, laugarren postuan; ondoren daude Jaka-Imaz eta Altuna III-Aranguren, bina garaipenekin; azken bi postuetan P. Etxeberria-Martija eta Peña II-Albisu daude, oraindik partidarik irabazi gabe.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!