Euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko manifestazioa deitu dute Aiztondoko udalek

Ataria 2024ko abe. 26a, 14:59

Villabonatik Zizurkilera egingo da manifestazioa, abenduaren 31n, 18:30ean hasita. Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Alkizako udalek egin dute deia.

Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Alkizako udalek manifestazioa deitu dute abenduaren 31rako, Villabonako Erreboteko plazatik Zizurkilgo Joxe Arregi plazaraino. 18:30etan abiatuko da mobilizazioa eta Behin betiko bakea, konponbidea elkarbizitza leloa eramango du. Udalek euskal presoei, iheslariei eta deportatuei ezartzen zaizkien salbuespeneko legediarekin amaitzea eskatuko dute.

«Euskal gizarte osoaren ardura da etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin eta sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea», esan dute bost udaletako ordezkariek manifestaziorako deia luzatzeko agerraldian. Salbuespenezko auzitegitzako jo dute Espainiako Auzitegi Nazionala eta baita bizi osorako espetxe zigorra ordezkatzeko sortutako 07/2003 legea ere, hainbat euskal presoei aplikatzen zaiena.

Horregatik, euskal preso, iheslari eta deportatuek etxerako bidea urratu dezaten «aterabide integral bat» beharrezkoa dela adierazi dute hautetsiek. «Era berean biolentzia ezberdinen biktimak aitortuak izateko eta egia jakiteko eskubide osoa dutela aldarrikatzen dugu». Etorkizunari eta elkarbizitzari begira jartzeko garaia dela esan dute.

Agerraldian hainbat datu ere eman dituzte: 124 euskal preso daude espetxean eta 20 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. «ETAk bere jarduera armatua amaitutzat eman eta 13 urtera oraindik ere egoera hau bizi dugu. Eguberriak biolentzia ezberdinen eraginez gure ondotik joan direnak, edo espetxeko lau hormen artean eta erbestean daudenak gogoratzeko egunak dira».

Manifestaziorako deia egiteko agerraldian parte hartu dute Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkateak, Maite Amenabar Zizurkilgoak, Kristina Rodriguez Adunakoak eta Larraitz Alkorta Asteasuko zinegotziak. Alkizako ordezkaririk egon ez den arren, atxikimendua adierazi diote mobilizazioari; Larraulgo Udalak, bestalde, ez du bat egin ekimenarekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!