Urtekaria 2024

Goiazko ostatua erre da

Ataria 2024ko abenduaren 26a

Apirilean erre zen Goiazko ostatua eta uztailean hondakinak erretiratu zituzten.

Goiazko ostatua apirilean erre zen eta ordudanik itxita jarraitzen du; uztailean, txukuntze lanak egin zituzten.

Apirilaren 26an Goiazko ostatuan sua piztu zen. Ostatuan bertan piztu zen sutea, eta suhiltzaileak bertaratzerako «kalte handiak» eragin zituen suak eraikineko hainbat eremutan: tabernan, jatetxean eta etxebizitzan; sua ez zen alboko eraikinetara pasa.

Juan Inazio Zinkunegi Bidania-Goiazko alkateak atsekabeturik hitz egin zuen aipatuz «inpaktu handia» izan zuela gertakariak herrian, eta «luzerako» kontua izango zela konponketa: «Kalte materialak, esan gabe doa, larriak direla; baina, horrez gain, balio handiko eraikina da: garai batean Goiazko udaletxe ere izan zen. Herrian kalte izugarria sortu du honek, bai materiala, bai morala».

Hondakinak erretiratuta

Uztailean hasi ziren suteak eragindako hondakinak erretiratzen. Erretako egurrak kendu eta eraikinaren kanpoaldean geratu ziren beste zenbait hondakin jaso zituzten. Horrez gain, txukuntze lanak ere egin zituzten paretak babesteko, 20.000 euroko aurrekontuarekin.

Ostatuak itxita jarraitzen du, eta uztailean alkateak azaldutako asmoak momentuz ez dira gauzatu; erakinaren erabileraren inguruan herrian kontsulta egitea, hain zuzen ere.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!