Urtekaria 2024

Sektore publikoko grebarekin bat, Asteasun

Ataria 2024ko abe. 27a, 16:00

Joan den martxoan ELA, LAB, CCOO, ESK, SATSE eta Steilas sindikatuek grebara deitu zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publikoak. Eskualdean bat egin zuten deialdiarekin eta herriz herri egin zituzten mobilizazioak.

Esate baterako, Asteasuko Udaleko zein herriko gainerako langile publikoek elkarretaratzea eta asanblada egin zituzten herriko plazan. Bertan, langile publikoek hainbat eskakizun eta aldarrikapen egin zituzten, besteak beste, aurretik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzeko konpromisoa hartzea, pribatizazioei atea ixtea, enplegu publikoa sortzea eta egonkortzea, lan orduak murriztea eta lan kargak arintzea.

Asteasu, abiapuntu

Herritarrekin ere partekatu zituzten euren eskakizunak, «sektore publikoaren aldeko borrokan egin nahi genituzkeen hurrengo urratsak elkarrekin irudikatzeko»: «Badakigu etsipenaren indarra handia dela egungo gizartean. Inguruko herrietan ere, jakin dugunez, antzeko gogoetak piztu dira langile publikoen asanbladetan. Gurea ekimen txikia da, talde txikia gara Asteasuko herritarrak eta udal langileak. Baina era berean, ez dugu etsipen hau gehiago elikatu nahi, eta gure esku dagoen horixe behintzat egin nahi dugu. Elkartu, kolektibo sentitu, eta gure inguruan borrokatzeko grina kutsatu».

A&F Holdings erosi du Pasabanek

Papergintzarako makina ebakitzaileak fabrikatzen dituen Tolosako Pasaban enpresak A&F Holdings enpresa estatubatuarra erosi zuen martxoan. 

A&F Holdings Pennsylvanian, Ameriketako Estatu Batuetan (AEB), kokatzen da eta sektore bererako bobina handiak fabrikatzen ditu; eta, arduradunek azaldu dutenez, enpresa estatubatuarraren jarduera «oso garrantzitsua» da papergintzan.

Erosketarekin, AEBetako enpresaren izena aldatuko egingo da eta, aurrerantzean, Pasaban A&F izango da haren izena.

Bestelako aldaketak

Pasabanek enpresa estatubatuarra erosteak beste zenbait aldaketa ere eragingo zituela iragarri zuten: batetik, Tolosako lantegiko langile bat Pennsylvaniara joatekoa zen, bertan lan egiteko. Hori horrela izanda ere, Pennsylvanian (AEB) ohiko jarduerarekin jarraituko dute, bobinak fabrikatzen alegia. 

Eskualdeko eraginari dagokionez, berriz, Tolosan makina ebakitzaileak eta gainerako sistemak fabrikatuko dituzte, gero, Ameriketako Estatu Batuetako enpresa hornitzeko.

Akordioa etxez etxeko laguntza zerbitzuan

 

Ekainean Tolosako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek akordio berria sinatu eta soldata, gutxienez, % 31 igotzea lortu zuten. Zerbitzuko langileek mobilizazioak egin zituzten hainbat astetan lan baldintzak hobetzea eskatzeko eta, azkenean, Tolosako etxez etxeko laguntza kudeatzen duen Matia Goxara enpresak eta ELAk akordioa sinatu zuten. Zerbitzuak duen lehen hitzarmena dela nabarmendu zuten: «Langileek oso positibotzat jo dute hitzarmen berria. Akordioak, besteak beste, bajen osagarrietan hobekuntzak eta hurrengo hiru urteetarako soldata, gutxienez, % 31 igotzea jasotzen ditu».

 

Hitzarmen berria Orbelaneko langileek

Apirilean Anoetako eta Andoaingo CIE Orbelan Pasticos enpresako langileek greba mugagabea hasi eta hiru egunetara akordioa lortu zuten. 

Hiru eguneko greban mobilizazioak egin zituzten eta tentsio uneak ere izan ziren. Soldatak igotzeko, lanaldia murrizteko, gauetako lanaldien gehigarria igotzeko, eta lan poltsako orduak gutxitzeko eskatzen zuten langileek; eta, itun berrian, arlo guztietan lortu zituzten hobekuntzak. 

Orbelan Plastikoak enpresa, industria kimikoko CIE Atomotive euskal multinazionalaren parte da eta 155 langile ditu Anoeta eta Andoaingo lantegietan.

 

ABEE-a bertan negoziatu nahi dute

Asteasuko siemens Gamesa enpresako langileek Aldi Baterako Erregulazio Espedientea (ABEE) bertan negoziatzea exijitzeko elkarretaratzea egin zuten azaroaren amaieran. LAB sindikatuaren arabera langileek hilabeteak igaro dituzte «etorkizun hurbilean» zuzendaritzak haien «lan baldintza eta lanpostuen aurkako neurriak» hartuko zituela entzuten. Langileek «behin eta berriz» gardentasuna eskatu dutela gaineratu du sindikatuak, baina ez dutela «erantzun argirik» jaso.

Ordezkaritza falta

Adierazi dutenez, udako oporren aurretik hitz egin zuen zuzendaritzak, lehenengoz, ABEEaren beharraz, baina jakinarazpen formala ez zuten jaso azarora arte. Horrekin batera, enpresak «marra gorri bat» igaro zuela salatu zuten: «Asteasuko ABEEaren negoziaketa Burgos, Lerma eta Zamudioko plantekin batera izatera behartu ditu».

Sindikatuaren iritziz horrek «deuseztatu» egiten du langileek postuez eta baldintzez negoziatzeko aukera: «Erabakiak intentzio argia du: bertako negoziazio esparruak ahuldu eta enpresari komenigarriagoak zaizkion indar harremaneko markoak bilatzea, akordio merkeagoak lortzeko». Langileek enpresari erabakia atzera botatzea exijitu, eta hartu asmo dituen neurriak bertako mahai batean negoziatzera esertzea eskatu diote.

Azkenean, ordea, enpresak 423 langileri erangingo dien ABEE bat proposatu du, zeinak Asteasuko eta Zamudioko lantegietan izango lukeen eragina. Enpresak eta sindikatuek hitzartu zuten aurreakordioa, eta langileen batzarretan eztabaidatu eta bozkatuko dute.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!