Gipuzkoako Foru Aldundiak LandaGO mugikortasun autonomoko eredu aurreratua garatzeko proiektua abian jarri du Abaltzisketan. Ibilgailu jasangarria eta autonomoa izango da, proba pilotu fasean dagoena. Amezketa eta Abaltzisketa arteko errepideko datuak hartuko ditu apirila bitarte, eta aurrerago, legediak eta baldintzek uzten dutenean, zerbitzu publikoa eskainiko luke.
Mugikortasun autonomoan «aitzindaria» izango dela esan du Eider Mendoza Aldundiko diputatu nagusiak. «Udalerri txikietako garraio aukerak eraldatzea du helburu, udalerri horietan bizi diren herritarren ongizate sozial eta ekonomikoa hobetzeko balioko duen zerbitzu berritzaile bat garatuz. Funtsezkoa da landa inguruneko biztanleek hiriguneetan bizi diren pertsonen aukera berberak izatea mugikortasunari eta zerbitzuei dagokienez».
Lehen fase honetan egingo den lehen proba pilotuaren ondoren, Zerain eta Segura artean beste proba bat egingo da 2025eko abuztutik abendura bitartean. 2026ko erdialdetik aurrera, Abaltzisketa-Amezketa eta Zerain-Segura tarteen artean ibilgailu elektriko autonomo bat ezarri eta jarduteko lehen probak egin ahal izango direla aurreratu dute.
Erdigunea autorik gabe eta saltokiak haserre
Irailaren 21 eta 22an, Mugikortasun Astearen testuinguruan, eta eredu jasangarriak sustatzeko, Erdigunea autorik gabe egitasmoa burutu zen Tolosan. Rondilla kalea eta San Frantzisko pasealekua oinezko gune izan ziren; ez zen trafikorik izan, eta zenbait jarduera egin ziren.
Irailaren 26an, Tolosa&Co merkatarien elkarteak deituta, eta aipatutako egitasmoa adibide moduan jarrita, mobilizazioa egin zuten zenbait saltokik. Ordubete lehenago itxi zuten askok, eta manifestazioa egin zuten, «Tolosan dagoen aparkaleku arazoarengatik» bezeroak galtzen ari direla salatu eta «konponbideak» eskatzeko. «Soluzioak baino oztopoak jaso ditugu. Komertzioa itotzen ari da, eta jakitun gara faktore asko ari direla hori eragiten, besteak beste, azoka bereziak; horiekin, baztertuta sentitzen gara. Ez dugu saltoki txikirik gabeko Tolosa bat nahi, eroso ibiltzeko eta erosteko Tolosa bat baizik».
Udal gobernuaren esanetan, «aparkalekuen arazoa aspalditik datorren kontua da, eta esparru askotan eragiten du». Irtenbide bat topatzeko, aparkalekuen azterketa integrala abian jarri zuten urte hasieran.