Urtekaria 2024

Langile bat zendu da Amezketako Aralar paper fabrikan

Ataria 2024ko abe. 27a, 10:00

Abuztuan Amezketako Aralar paper-fabrikan istripua izan eta zauri larrien ondorioz hil zen langile bat. Behargina zendu eta hurrengo egunean lanuztea egitea erabaki zuen enpresako langile batzordeak, zeina LABek eta ELAk osatzen duten. Grebak %100eko jarraipena izan zuen eta lantegiaren jarduna erabat gelditu zen.

Horrekin batera, ezbeharra salatzeko elkarretaratze bat egin zuten, Lan heriotzarik ez, langileen segurtasuna bermatu lelopean, paper-fabrikako zein bertan aritzen diren azpikontratatutako enpresetako langileek. 

Elkartasuna eta aldarrikapena

Hain zuzen, azpikontratatutako enpresetako langileentzat ere segurtasun neurriak bermatzea eskatu zuen, besteak beste, langileen batzordeko Aitor Izagirre lehendakariak: «Guretzako paper-fabrikako langileak izango balira bezala da eta beraientzako segurtasun neurriak bermatu daitezen eskatzen dugu, ahalik eta hoberenak izan behar dute neurri horiek».

Ibarrako Argi Lanak enpresako langilea zen 30 urteko behargina, ormaiztegiarra, eta bere lankideak ere izan ziren elkarretaratzean. 

Voitheko langile bat hil da Galizian

Urtarrilean Ibarrako Voith Hydro enpresako langile bat hil zen Ourenseko Rubía herriko zentral hidroelektrikoan. Behargina makina batek harrapatua hil zen eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan zuten bere gorpua.

Une hartan LAB sindikatuak salatu zuen urtea hasi zenetik hiltzen zen hamargarren langilea zela eta, zehazki, hirugarrena industriaren arloan, makinak harrapatuta edo horien kolpeen ondorioz. Sindikatu horren arabera urtea bukatzerako, guztira, gutxienez, 61 langile hil dira. Horietatik hemezortzi Gipuzkoan gertatu dira eta, horietatik hiru, eskualdean.

Langileen erantzuna

Voitheko langileek elkarretaratzea egin zuten Ibarrako lantegiaren aurrean Lanean istripurik ez! lelopean, eta heriotza salatu zuten. Zentzu berean, Ibarrako Udalak ere elkartasuna adierazi zien langilearen gertukoei eta lankideei.

Hari berari tiraka, LAB sindikatuak nabarmendu zuen gaur egun oraindik ohikoa dela araudia betetzen ez duten makina arriskutsuak nonahi topatzea: «Ez da kasualitatea urteroko ezbeharretan makinek eragin handia izatea. Patronalak inpunitate osoz egiten ditu arau hausteak».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!