Urtekaria 2024

Ospitale publikoa 2030a baino lehen

Ataria 2024ko abe. 28a, 10:00

TOPAk deitutako elkarretaratzeetako bat.

Tolosaldeko ospitale publikoaren inguruko informazio gutxi eman du 2024ak; Osasun Sailak 2030a jarri du jomugan eta Alkateen Mugimenduak Asuncion publifikatzea aztertzeko eskatu du.

Zaharrak berri eskualdeko ospitale publikoaren gaiari lotuta. Tolosaldeko osasun eremuko 31 udalerrietatik 30 herrietako alkateek osatutako Alkateen Mugimenduko ordezkarien eta Osasun Sailaren arteko tira-birak izan dira nagusi, baina zehaztapenak gutxi izan dira. Nabarmendu beharreko bi dataren berri eman dute hala ere, biak ere Osasun Sailak emanak: ospitale publikoa 2030a baino lehen egingo da eta Asuncion Klinika kudeatzen duen Inviza enpresaren eta  sailaren arteko hitzarmena 2026a bitarte egongo da indarrean. Izan da Tolosaldeko Alkateen Mugimenduaren eta Osasun Sailaren arteko beste ika-mikarik ere: alkateek Osasun Sailari Asuncion publiko egitea azter dezala eskatu izan dio eta azken honek esan du ez duela ulertzen «180 graduko iritzi aldaketa hori». Dena den, badirudi azken hilabetean eman dela aurrerapausorik alkateen mugimenduaren eta Osasun Sailaren artean, izan ere, hainbatetan eskatutako bilera azaroan egin zuten eta mugimenduko kideek «positiboki» baloratu zuten sailak elkarlanerako adierazitako prestutasuna. Hala ere, alkateen mugimenduak nabarmendu zuen, bereziki, eskualdeko osasun arreta ospitalarioaren gaia jorratu zutela, eta plan funtzionalak sortzen dizkien kezkak mahai gainera eraman zituztela. 

Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde plataformako kideak euren aldetik, informazio eta konpromiso gehiago eskatu izan dizkio Osasun Sailari eta mobilizazio bat baino gehiago deitu ditu eskualderako osasun arreta egokia eskatzeko. Izan ere, TOPAren iritziz Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak ospitaleari buruz iragarritakoak ez dira nahikoak. Quintasek ospitale berriak ospitalizazio medikoko oheak, eguneko ospitalea, kirurgia handi anbulatorioa, kanpoko kontsultak, analisi eta irudi-proba osagarriak, farmazia, errehabilitazioa, fisioterapia, etxeko ospitalizazioa, larrialdiak eta Familiako eta Komunitateko Medikuntzako barneko mediku egoiliarren irakaskuntza izango dituela esan zuen. Baina TOPAren iritziz egin asmo dutena ez da ospitale bat, Erresoluzio Handiko Zentro bat baizik eta eskualdeak zerbitzu guztiekin hornitua dagoen ospitalea behar du «EAEn 65.000 biztanletik gorako gainerako eskualdeek daukatena bezalakoxea». Bukatzeko aipamen bat Asuncion Klinikako enpresa batzordeak ELA zein LAB sindikatuek Eusko Legebiltzarrean eskatu berri dute Asuncion Klinikan lan egiten duten langileak subrogatuak izatea.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!