Ostalariak biltzen zituen Ezpeleta elkartearen babesa izan zuen ekimenak eta urteotan beste hainbat lagun batu zaizkio. Sortu eta gutxira errotu zen jaialdia eta Euskal Herriko musika panoraman espazioa eta erreferentzialtasuna irabazi ditu. Iñigo Martin Baztarrika —Ataria-ko kolaboratzailea— izan da jaialdiaren bultzatzaile nagusia urte hauetan guztietan. Blues zale porrokatua da eta programazioa osatzeko bere jakinduria eta grina jarri ditu jaialdiaren alde. Tolosako Udalak eskerrak eman dizkio urteotan egindako ahaleginagatik.
Urteurrenaren testuinguruan, aurten, Tolosako Udalak aurrekontu berezia bideratu du eta 37.500 euro erabili ditu jaialdirako. Euskal Herriko artistez gain, Herrialde Katalanetako, Frantziako edota AEBko artistak elkartu dira Tolosan ekaina bukaeran. Billy Branch Chicagoko (AEB) blues musikari ezaguna izan da 20. urteurreneko artista izarra. Bi tolosar ere izan dira tartean, Star Blues taldean ibiltzen den Yon Labayen eta Ander Zubillaga gitarra jotzailea.
Aurtengoari begiratuta ahalik eta egitarau irekiena egiten saiatu dira antolatzaileak. Hasierako ilusio bera mantentzen du Martinek musika jaialdi hau antolatzeko eta iragarri du, aurrera begira, jarraitzeko asmoa duela.
Kepa Goikoetxea TEE-ko lehendakaria
Joan den urrian Tolosako Ekinbide Etxeko lehendakari kargua hartu zuen Kepa Goikoetxea tolosarrak. Ane Garate izango da lehendakariordea eta zuzendaritza taldean izango ditu Maite Meijide, Imanol Arabaolaza, Alberto Luengo, Juanjo Herrero eta Xabier Ormazabal. Goikoxetxeak lau urte zeramatzan zuzendaritza taldean eta «gogoz eta ilusioz» hartu du kargu berria.
Goikoetxeak hezkuntzari lotuta egin du bere ibilbide profesionala. Laskorain ikastolako zuzendaria izan da, eta egun, Aspace Gipuzkoako ikastetxeetako ardura darama. Azken urteetan ez ezik, gaztetan lotura izan zuen TEErekin. Abesbatza Lehiaketan parte hartu izan zuen eta antolaketan ere aritu izan zen. Horrez gain, TEEk eskaini dituen jardueretan parte hartu izan duela aipatu du. Lehendakari gisa, Goikoetxeak helburu bezala du jardueren eskaintzan hobekuntzak ematea eta zabalkundea areagotzea.