Repsol parke eoliko bat eraiki nahian ari da Gipuzkoa eta Nafarroa arteko lurretan. Eskualdeko bi herrietako mendi aldeak hartuko lituzke: Berastegi eta Elduain. Gipuzkoan bertan, Hernaniko eremu bat ere hartuko luke; Nafarroan, berriz, Arano eta Goizueta arteko inguruak. Proiektuak ia ehun megawatteko (MW) potentzia izango luke gauzatuz gero, eta hamalau aerosorgailuk osatuko lukete: Euskal Herriko parke eoliko handienetakoa bihurtuko litzateke. Espainiako Gobernua ari da proiektua aztertzen, aldez aurreko baimena eman ala ez erabakitzeko. Proiektua lantzen, berriz, FE Energy enpresa ari da; Repsolentzat ari dira ontzen.
Haize errotentzat aurreikusten duten kokapenari buruzko xehetasunak ere eman dituzte. Hasieran, FE Energyk bi aerosorgailu aurreikusten ditu Goizueta, Berastegi eta Elduain arteko muga inguruan. Horiez gain, sei aurreikusten dituzte Hernanin, bi Aranon, hiru Hernani eta Arano arteko mugan eta bat Arano eta Goizueta artekoan.
Zizurkilen oztopo bat
Green Capital enpresak Zizurkilgo Ezkeltzu eremuan 200 metroko lau haize errota jartzeko proiektua aurkeztua du eta Jaurlaritzaren Industria sailaren erantzunaren zain dago. Hala ere, parke eolikoak badu oztopo bat: Aire Segurtasuneko Estatu Agentzia. Hegazkinek «maniobra-aldaketa interferitua» egiten dute ingurune horretan eta maniobra hori egiterakoan traba izan daitezke proiektuan ageri diren lau errotak, edo horietakoren bat. Parke eolikoaren altuera bateragarri ez bada Hondarribiko aireportuaren beharrekin, proiektuak ezin du Aurretiazko Administrazio Baimena eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena jaso.
Azkenik, Bidania-Goiatzen ere aurreikusita dago proiektu bat. Hain justu, Saitec aholkularitzak eta Finerge enpresak, bertan eta Beizaman bederatzi makro-eoliko jarri nahi ditu, bakoitza 229,5 metrokoa, guztien artean 45-50 megawatteko potentzia izango luketenak. Bidania-Goiatzen hiru haize errota jarriko lituzkete; Beizaman, berriz, sei. Etxe batzuek oso hurbil izango dituzte, enpresaren txostenaren arabera «bakartutako etxeetatik 300 metroko distantzia» baita gorde dutena. Errepidetik ere gertu geratuko da horietakoren bat, 344 metrora, eta erroten arteko distantzia laburrena 652 metrokoa izango da.