Urtekaria 2024

2024an utzi gaituzten kulturgileak

Ataria 2024ko abe. 28a, 20:00

Antxon Elosegi eta Txetxo Gaztañaga tolosarrak, Alkizako Koldobika Jauregi eta Alkizan sortzen zuen Juan Luis Goenaga hil dira bukatzear den urtean.

Antxon Elosegi, kultur arloko ekintzailea

Antxon Elosegi tolosarra hil zen ekainean 92 urte zituela. Tolosako kultura arloan oso ezaguna zen, besteak beste, Tolosako Ekinbide Etxearen sorreran hartu zuen parte eta eskulturek herrian lekua izan zezaten lan handia egin zuen.

Tolosako pertsonaia ezagun horietakoa bat zen Elosegi. Enpresaria izateagatik, kultur munduan aritzeagatik, zezenketetan murgilduta egoteagatik eta Tolosako Ekinbide Etxearen sortzaile eta lehenengo lehendakaria izateagatik ezagutzen zuten herritarrek, besteak beste. Tolosan bertan hainbatetan nabarmendu da Elosegik egin zuen ekarpena; Tolosako Udalak, adibidez, 2019an herriaren alde hainbat esparrutan egindako lana eskertu zion omenaldi batean.

Koldobika Jauregiren bizitza efimeroa

64 urte zituela zendu zen ekainean eskultore alkizarra. 1990eko hamarkadatik aurrera euskal artista erreferentziazkoa izan da, baita nazioartean ere. Naturaren eta artearen arteko loturei begiratu zalea zen, besteak beste.

Eskulturan egindako lanagatik zen ezagun nagusiki, baina artearen beste zenbait diziplinetan ere jardundakoa zen: margogintzan, bideogintzan... Dozenaka erakusketa egin zituen 1970eko hamarkadaz geroztik, baita zenbait beka eta sari jaso ere.  

Urriaren 26an, 65 urte beteko zituen egunaren biharamunean omenaldi hunkigarria eskaini zioten alkizarrek Jauregiri. Ur mara museoaren inguruan bildutako lagunek oroitu zuten.

Txetxo Gaztañaga artistaren agurra

Ekaina bukaeran zendu zen Txetxo Gaztañaga diseinatzaile tolosarra, 83 urterekin. Titirijai jaialdiaren sorreran parte hartu zuen, eta berak egina da San Frantzisko ibiltokian zuhaitzetatik zintzilik jartzen den Txantxo pertsonaiaren irudia.

Gainera, jaialdiaren lehen 25 edizioetako kartelen egilea izan zen, eta Tolosako Nazioarteko Abesbatza Lehiaketako 46. edizioko kartela ere berak egin zuen. 2013ko sanjoanetan, berriz, udalak kartel lehiaketa herrikoia berreskuratu zuenean, epaimahaikide izan zen.

2008an, bere artelanak ikusgai jarri zituen, lehen aldiz, Aranburu Jauregian. Urtebetez margotzen aritu ondoren, 70 koadro prestatu zituen erakusketarako.  

Juan Luis Goenagaren pintura itzali da

Alkizan lekututako Juan Luis Goenaga artistak bost hamarkada pasako ibilbide emankorra egin zuen artean, eta bere sasoiko sortzaile nabarmenetako bat izan zen. Abuztuan hil zen. 

Madrilera, Parisera eta Erromara egindako bidaiak izan zituen lehen eskolak, eta 1969an etorri zen Alkizako baserri batera bizitzera. Artistaren beraren hitzetan, egunak paseoan eman ostean, gauez aritzen zen pintatzen, inguruan zuen naturaren eraginpean, eta bost hamarkada pasatxoko jardun etengabe horrek egin du euskal artista garaikide esanguratsuetako bat. 2018an artistaren bizitzari eta obrari eskainitako lan mardula idatzi zuen Mikel Lertxundik sei ataletan banatuta eta bertan margolariaren ibilbidea jaso zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!