Urtekaria 2024

Eskola Txikien Festa jendetsua Adunan

Ataria 2024ko abenduaren 25a

Eguraldi onak ez ezik, festak ere hartu zuen Aduna ekainaren 16an. Eskola Txikietako Festa ospatu zuten bertan. Harrera ekitaldiarekin eman zioten hasiera festari eta herriko gune ezberdinetan banatu zuten ospakizuna. Jolasak ez ezik, makillajea, ile apaindegia, puzgarriak edota eskulanak egiteko aukera izan zuten txikienek. Sagarraren ibilbidea paseoa emateko aukera izan zuten bertaratutakoek, Aduna inguruko txokoak bisitatuz.

Adunar askok hartu dute parte aurten festaren antolakuntzan eta horietako batzuk hartu zuten hitza ekainaren 16an: Juan Kruz Igerabide idazle adunarrak egin zien ongietorria gainerako eskola txikiei berak sortutako testua irakurriz; eta, eguerdi partean, Beñat Igerabide eta Leire Berasaluze musikariek propio festarako sortutako kantua aurkeztu zuten. 

Aurtengo edizioko logoak sagarra irudikatzen zuen eta urtean zehar Gipuzkoako eskola txikietan sortu dituzten sagarrak zintzilikatu zituzten Adunako plazan landatutako arbolan. Segidan egin zuten lekuko aldaketa. Ezkio-Itsasoko Herri Eskolak hartuko du ardura datorren urteko Eskola Txikien Festa antolatzeko.

 

Altzoko eskolaren 25. urteurrena

Iazko irailean bete zituen Altzoko eskolak 25 urte eta ikasturte osoan egin dituzte ospakizunak. Santilazpi guraso elkarteko kideek, ikasle ohiek eta guraso ohiek eta eskolako irakasle batzuek osatu dute urteurrena antolatzeko batzordea. Ospakizunerako Maixa Lizarribar herritarrak Imazen harira izeneko kantua osatu du eta bideo-klipa ere grabatu dute herritarrek. Ekainaren 15ean egin zuten festa eguna.
 

Samaniegok eta Orixek mende erdia

Samaniego ikastetxeak 50. urteurreneko festa egin zuen apirilean. Gurasoek, irakasleek eta ikasleek herritarrekin batera ospatu zuten mende erdia. Kalejiran ibili ondoren, arratsaldean Zerkausian umeentzako jolasak egin zituzten, eta iluntzean Plaza Berrian helduentzako kontzertuak. Orixe institutuak, berriz, bere 50. urteurrena ospatu zuen abenduaren 10ean Leidorren egindako ekitaldi batean.

 

60. urteurrena Zubimusu ikastolak

Azaroaren 15ean, 60. urteurrena ospatzen hasi ziren Villabona-Zizurkilgo Zubimusu ikastolan. Joan den azaroaren 15ean, Txerminen 60 zenbakiaren argazki erraldoia atera ostean kalejiran joan ziren Villabonan zehar. Ondoren, trikitiaren doinuan dantzan eta soka saltoan ibili eta aurpegiak margotzen jardun zuten. Festarekin amaitzeko txokolate beroa hartu zuten bildutakoek.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!