Urtekaria 2024

Urteak utzitako irudi esanguratsuak

Ataria 2024ko abenduaren 29a

2024 urteak utzitako lau irudi bildu ditu Ataria-k; Korrika, XIV Orduak, ibaiek gainezka egin zutenekoa eta eskualdean topatutako kobazuloa.

Euskararen alde, korrika

23. Korrikak martxoaren 23an zeharkatu zuen Tolosaldea. Ikaztegietatik sartu eta Adunatik atera zen  euskararen aldeko lasterketa erraldoia, eskualdean 29 kilometro egin ondoren. Ehunka euskaltzalek eraman zuten lekukoa; Ataria-rena, Onintza Goikoetxea ibartarrak eta bere senideek eman zuten.

Bustita, baina pozik

Aralarko Adiskideak elkarteak antolatutako XIV Orduak martxan, izena eman zuten 1.588 parte hartzaileetatik 1.302 atera ziren azkenean, eta horietatik 1.161 iritsi ziren Berazubi estadiora, 68 kilometroko ibilbidea egin ondoren. Eguraldia espero baino hobea izan zen, eta elkartetik «balantze ona» egin zuten.

Ibaiek gainezka

Otsailaren 27an Monica denboralearen ondorioz, eskualdeko ibaiek eta errekek gainezka egin zuten, eta erakundeek larrialdi planak martxan jarri behar izan zituzten. Urriaren 17an berriro ere Oriak gainezka egin zuen. Orduan, besteak beste, Alegialdeko errepideak putzuz, lokatzez eta harriz bete ziren.

Leize berria

Tolosaren eta Albizturren artean kobazulo berri bat topatu dute Felix Ugarte elkarteko kideek. Leizea Santutxu haranean dago, zehazki, eta berezia da, hain zuzen, «ingurutik» pasatzen delako Salubieta: Gipuzkoako lurpeko erreka emaritsuena. Sistema hidrologiko berri bat topatzea espero dute kobaren barruan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!